Atzo Espainiako kongresurako hauteskundeetarako bozketa izan zen eta bazkaldu baino lehen eguneko lehen tronu dema ikusi nuen. Amamari lagundu nion Tiboliko eskoletan boto ematera eta, bere bozkalekua lehen pisuan zegoenez, igogailuz igo ginen.
Lerro hauetan nire eskerrik beroenak eman nahi dizkiot igogailuaren ondoan banku bat jarri zuenari, Castañoseko amama eta aititeek zinez eskertu zuten. Total, bankuan adineko 4 pertsona eroso sar zitezkeela, baina ez dakit nola moldatu ziren uneoro bi baino ez egoteko eta gainera gehiago sartzen ez zirela ere entzun behar izan nuen.
Tiboliko tronu/banku dema. Iluntzean, hauteslekuak itxi zituztenean eta (espero) Tiboliko tronu dema amaitu zenean, kongresuko eserleku dantza hasi zen. Bigarren tronu dema. Maroto tronu dematik Geoffrey Baratheon baino kanporago geratu zen, Iparrak bere eserlekuak ziurtatu zituen (PRCko hori barne) eta ibiltari urdin horiek menderatzea lortu zuen herri xeheak.
Egia esan, hauteskunde-kanpaina ez da oso interesgarria izan, ezta atzo gaueko azken gudua ere. Aktore batzuek asko izan dute komikotik eta debateak arratsaldeetako tertulia zaratatsuen antzekoak izan dira. Eskerrak goizaldean azken tronu dema izan den.
Bai, hala da, datozen lau urteetarako Espainiako kongresua eta senatua aukeratu badira ere, herritar askoren interesa Winterfell kanpoan zegoen. Gizakiak haien mundua suntsitzera datorren ejerzitoaren kontra borrokatu dira Sartaldean. Fikzioa da, baina engantxatuta gauzka. Gimnasioan besterik ez dut entzun; gogorra izan da gertakarien zantzurik gabe etxera heltzea.
Hauteskundeei buruz, ordea, hitzik ez. Ez pentsa hautesle asko txoriburu hutsalak direnik; ez da hori. Susmoa dut hautesleak orokorrean narrazio interesgarrien zaleak direla, pertsonaia koherenteak bilatzen dituztela eta ondo egindako lana baloratzen dutela. Zenbatetan eman digute hori politikariek?