Larunbat honetan Manu Carrascoren kontzertura joateko aukera izan nuen Uriolaren eskutik. Zuen informaziorako eskubidea defendatu nahian edo nire abenturazaletasunak bultzatuta, banekien Bilbao Arenara joan behar nuela. Oraindik ez naiz errekuperatu.
Bilboko hipster guztiak Done Petri plazan itxurakeriatan ari ziren bitartean, ni Operación Triunfoko 2. edizioko abeslari baten kontzertura bidean nindoan. Taxiz joan nintzen lagun batekin. Taxi-gidariari nora gindoazen esan genion baita abesti bat ere ez genekiela ere (gero hala izan ez bazen ere... baina ez gaitezen aurreratu). Orduan, taxi-gidari atseginak Manuren "temazo" batzuk jarri zizkigun, Uberren bagindoazen bezala, gure beharrizan guztiak asetzeko asmoz. Kronika idatzi behar nuelako, bestela, martxan egingo nuen salto autotik.
Tira, aguantatu nuen. Nire buruari esan nion gehienez bi orduko sufrikarioa izango zela. Apur bat berandu heldu ginen eta eskerrak. Eskerrak kontzertua laburragoa izango zelako eta eskerrak Bilbao Arenaren panoramika ikusi ahal izan genuelako. 6.000 pertsona ikusi genituen emozio osoz Manuren abestiekin dantzan.
Palkora heldu ginenean (bai, palkorako sarrerak genituen), ordea, errealitatea bestelakoa zela ikusi genuen. 3.000 zale eta 3.000 laguntzaile zirela argi geratu zen. Gure kasuan ere, hala zen, lagun emozionatua eta biok baikeunden, ratioa ez izorratzeko edo. Nork esango zuen nire 30 urteko lagun lekeitiarrak abesti guztiak ezagutuko zituenik...
Nik ere abesti baten errepika ezagutzen nuen. Erdizka. Entzuten genuen 3. abestian bat batean "que nadie calle tu verdaaaaaaaaad" hasi zen eta esperantza piztu zitzaidan; agian abesti bat baino gehiago ezagutuko nuen. Ez zen hala izan. Lagunak bitartean guztiak abesten zituen eta ni eulitzen (bai, eulitzen) hasi nintzen eta galdetu nion ea nondik demontre zekizkien abestiak.
Erantzuna: bi hitz. Guztiari logika eman zioten bi hitz: Cadena Dial. Horregatik iruditzen zitzaidan niri ile-apaindegiko musika. Imajina ezazue nire sufrikarioa.
Nire oinazearen errua, ordea, ez da Manurena. Tira, bai, berak egiten ditu horrelako abestiak, baina aitortu behar dut tipoak musika badakiela. Gitarra jotzaile jaioa da eta plazera da flamenkoa jotzen ikustea. Dena ez zen kexa izango! Agian ikusi duzue sare sozialetan bolo-bolo dabilen Bilbori eskainitako sevillana? buleria? fandangoa? Agian kontzertuko abestirik onena izan zen.
Ia amaieran izan zen abesti hori, Bilbao Arenan dagoeneko 2 ordu generamatzanean, kontzertua dagoeneko luzeegia zenean. Hala ere, biziraun nuen. Amaierara heldu nintzen, jendea gozatzen ikusi nuen eta elkartasuna sentitu nuen zaleak laguntzera joan ziren horiekin guztiekin. Gainera zuei zor nizuen kronika osotua.
Beste abestiei buruz jakin nahi baduzue, denak dira maitasunezkoak. Denak dira emakume indartsuei zuzendutakoak. Alabari ere bat eskaini zion. Hori bai, ez galdetu zein den zein, a) oso txarto entzuten zelako eta b) abesti guztiak oso antzekoak zirelako.
Amaitzeko, estetikari buruzko pare bat iruzkin. Manuk jaka handi bat zeraman eta izerdi patsetan ibiliko zen ziurrenik. Bestalde, ez ahazteko Manu 2000ko hamarkadako programa batetik atera zela, pantailetan pintzelaz marraztutako markoak agertzen ziren. Fotologeko argazkiak balira bezala! Musikaz kexatu banaiz ere, uste dut hori izan zela txarrena. 2. argazkiak ikus ditzakezue pintzelkadak.
Honaino kronika. Posible da Uriolak beste kronika bat idazteko aukerarik ez ematea. Posible da Manu Carrascok nire artikuluei buruzko kritika latza plazaratzea mendeku gisa. Bien bitartean, segi hemen irakurtzen nire kontzertuetako kronikak.