Eguraldiak noizbehinka zalantzan jartzen badu ere, uda hasi da. Udak erritmo aldaketa darama. Ez dut, ordea, oso argi erritmoa lasaitzera edo azkartzea eramaten gaituen. Nik hiru aste daramatzat tesi garaian bezala jo eta su udan bete-betean murgildu baino lehen lan gztiak amaitu nahian.
Erritmoaz ari garela, ezin dugu ahaztu asteburu honetan EHZ ospatu zela Irisarrin eta han izan nintzen lagun batekin. Hara zer bi! Lehenaldia zen eta, esperientzia nolakoa izan zen jakin nahi baduzue, esango dizuet Manu Carrascoren kontzertua baino askoz ere hobea izan zela. Miribillako kontzertuan erlojua aldiro begiratzen nuen bitartean, asteburu honetan erlojua jaialdiko pultserarekin ordezkatu ahal izan dut.
Ea, ez pentsa kontzertu guztiak gustatu zaizkidanik. Rock kontzertuak orokorrean itzel gustatu zaizkit, baina gero eta konbentzituago nago ez zaidala (t)rapa gustatzen eta gero eta konbentzituago nago aukeran musika martxosoa gustatzen zaidala. Hori behintzat argi dut, baina kontzertuak apur bat lausotuta ditut... Lagunak zioen EHZn mozkortzea ez zela posible. Oker zegoen. Hala ere, musika kritikan nire portfolioa eraikitzen jarraitu nahi badut, hona hemen EHZko kontzertuen nire iruzkinak.
Kobanen kontzertua, aukeran onena. Koban beti da dibertimendurako asegurua, ez dut ezagutzen kontzertuetan ondo pasatzen ez duenik. Abesti zaharrak eta berriak eroski zituzten eta susmoa dut ez ote diren elektronikoagoak bihurtu... presta zaitezte gerria mugitzeko, gazte hauek martxa luzerako dute eta!
Madeleine sorpresa itzela izan zen. Ezagutzen nituen lehendik eta taldeko gitarristari aitortu nion bezala (alkoholak ahobero galanta egiten nau) lehen "tubo" bat iruditzen zitzaizkidan musika instrumentala dexente kostatzen zaidalako. Kuriositaterik baduzue, Itzalek ez ninduen jo, ez zidan tragoa gainera bota eta oraindik ere agurtzen nau. Kontua da bat zetorrela nire iruzkinarekin, Madeleine hobea da rockeroagoa denean eta kontzertuan bereziki gozarazi zuten. Berak bazuen sentsazioa eta guk konfirmatu genion. Berriz entzuteko irrikan nago.
Liher, Niña Coyote eta Chico Tornado, Pelax, egoki. Liher gainera kontzertua aurrera joanda gero eta hobeto joan zela iruditu zitzaidan. Besteak espero bezala. Ikusten duzuenez, rock gogorrena gustatu zitzaidan gehien. Pena astelehenean lana nuela eta ezin izan nintzela Willis Drummonden kontzertura geratu.
Gauza lightagoak ere egon ziren, baina unearen arabera lasaiegiak ere iruditu zitzaizkidan. Gariri mezua bidali nahi diot, adibidez. Gari: aldatu taldearen izena eta Maldangora jarri eta eman kaña, gizona!!! Agian unea izan zen soilik, Liherren ostean guztiz lekuz kanpo utzi nindutela Gari eta Maldanberak agian.
Gauza arraroak ere izan ziren. Oihaneko Zühainetan entzun behar duzue. Joseba Irazoki gitarran eder, Zuberoako ahotsak eder, denak eder. Horien batuketa, zinez berezia. Ez da ajeaz entzuteko, baina entzun behar da.
Amaitzeko, aipamen berezia erritmo karibearrak ekarri zituzten Cumbiamb'ero eta La Jodederari. Hori da hori eguerdiak girotzea! Ezin ukatu asmatu zutela plazan giroa jartzen.
Artista maitea, ez bazaitut aipatu, posible da zure kontzertua entzun ez izana. Funkya egiten baduzu, ziur ez dudala entzun. Bestela, posible da alkoholak nire burutik ezabatu izana edo déviation kartelak jarraituta Behe Nafarroatik bueltak ematn ibiltzea zuek oholtza gainean zeundetenean. Hori beste sarrera batean kontatzeko moduko istorioa da.
Laburbilduz, esperientzia iztela eta garbia. Garbia, bai. Paper laurdena ere ez zegoen lurrean, kanpalekua batzean zikinkeria bat ere ez zen geratu gure inguruan. Eskerrik asko EHZ hain zoragarria egin zenuten guztiei: boluntarioei, entzuleei, artistei (trap artistei ere bai). Hurrengora arte!
Eta irakurle maiteak, uda ona opa dizuet. Udazkenean itzuliko naiz zutabe honetara. Musika asko eta ona entzun eta kontzertuaren ondoren zuen zaborra jaso edo, are hobeto, ez zaborrik sortu!