Irailaren 27an klima aldaketaren aurkako ikasle-greba deitu zuten. Aldez aurretik, bi argibide: 1) zalantzan jartzen dut ikasle-greben eraginkortasuna hezkuntzaren esparrutik kanpoko aldarrikapenei dagokienez eta 2) klima aldaketarekiko irudikeria handia eta eraginkortasun gutxi dagoela iruditzen zait. Honez geroztik sumatuko zenuten ez nuela manifestazioan parte hartu.
Beste askok, ordea, kartoi birziklatuak hartuta eta eskolan piper eginda, Bilboko eta beste hainbat lekuetako kaleak hartu zituzten. Eguraldi ederra, ostirala, lagunak... Lanetik atera eta hara non topatu nituen gazteak manifa ostean Zubiarte inguruan McFlurryak jaten.
Janari azkarrean jantziak ez bazarete, McFlurryak McDonaldseko izozkiak dira. Esne-gainezko (edo) izozki horiek txokolatez eta galletaz jantzi, irabiatu eta zerbitzatzen dira. Itxura guztiz industriala dute eta ziurrenik industrialak izate horrek egiten ditu erlatiboki ekologiko. Arazoa, ordea, mostradorean dago: McFlurryak plastikoz babestutako kartoizko edalontzian saltzen dira, plastikozko koilara esajeratu batekin jaten dira eta, irabiatzen direnez, izozkia plastikozko tapa batekin babesten da. Oso ekologikoa.
Ez nien ezer esan gazte haiei, baina haietakoren bat ezagutuz gero, helarazi iezaiozue nire ardura. Ba al dugu benetan argi gure kontsumo ohiturak nola aldatu? Ba al dugu argi klima aldaketa zerk eragiten duen?
Izozkiarena hutsaren hurrengoa da, zalantzarik gabe. Europar guztiok kontzientziatuko bagina ere, oporretan Thailandiara joan ordez trenean Leonera joango bagina ere, "zero waste lifestyle"-a hasiko bagenu ere, egoera ez litzateke asko aldatuko. Ekologiaren izenetan kontsumo-prezioak igoko lirateke, baina poloak antzera urtuko lirateke.
Kontuan izan behar dugu industriak kontsumitzen duela gehien, ikerkuntzak imajina dezakeguna baino askoz ere gehiago eskatzen duela. Behar ditugu, ordea. Nor dago prest XIX. mendean bezala bizitzeko? Energia berriztagarrien alde egin behar izango genuke masiboki klima aldaketaren arazoa konpondu nahi izatekotan. Hasteko, bederen.
Erabilera bakarreko plastikoen aferari dagokionez, Euskal Herrian nahiko aurreratuta gaudela esango nuke. Batetik, txorrotatik edan daitekeen ura ateratzen zaigu eta horrek nabarmen murrizten du plastikozko botilen erabilera. Bestetik, gero eta kontzientzia handiagoa dago supermerkatuko poltsei edota jaietako edalontziei dagokienez. Hala ere, ezin dugu ahaztu horren ondo ari garela Asian horren txarto ari direlako. Industria kutsakorrenak hara eraman ditugu eta erantzukizun zuzena izan ez arren, haien errekak zikindu ditugu (besteak beste).
Laburbilduz, zoragarriak dira norbanakoen ekintzak, baina errotiko sistema aldaketa behar dugu egoerari buelta emango badiogu. Eta izozkiak kukurutxoan, hori bai edukiontzi ekologikoa!