Gaur azaroaren 5a da. Egun seinalea Ingalaterran. 1605eko azaroaren 5ean Guy Fawkes eta beste katoliko batzuk Ingalaterrako parlamentua leherrarazten saiatu ziren. Zoritxarrez, konplotean sartuta zegoen batek salatu zituen eta plana bertan behera geratu zen. Harrezkeroztik gaurko egunez Ingalaterran su handiak pizten dituzte. Ez dakit Guy Fawkes behin eta berriz zigortzeko edo herriak ere parlamentua erre nahi duelako.
Ziur aurten batek baino gehiagok bere burua Guy Fawkesen lekuan ikusi duela. Brexita gora, Brexita behera, ni ere kokoteraino egongo nintzateke. Tira, kokoteraino nago. Brexitaren kontu honek zeharo aspertzen nau dagoeneko. Nola demontre bururatu zitzaien galdeketa egitea Brexita nola gauzatuko zen usaindu gabe ere? Zein momentutan iruditu zitzaion jendeari BAI botoa ematea ideia ona? Zenbat aldiz gelditu dira negoziazioak parte-hartzaileren baten harrokeriagatik?
Susmoa dut azkenean ez dela ezer gertatuko eta hiru urte alperrik galduko direla. Ia ia Espainian beste, hara! 2016an Italiara joan nintzenean hauteskundeen errepikapenaren zain zegoen Espainia. Ordutik zenbat hilabeteko gobernua izan dugu? Zenbat hilabetez izan dugu gobernua? Eta garrantzitsuena: zenbat hauteskunde promesa bete dira?
Igandean hauteskundeak daude berriro. Espero oraingoan egoera desblokeatzea, honek ere luzeegi jo du eta. Zentzuz boto eman (edo ez), baina ea guztion artean "aski da!" esaten dugun.