Batzuek jakingo duzue dagoeneko, baina datozen 24 hilabeteetan Italiako iparraldean dagoen Trenton egongo naiz lan kontuengatik. Horrek abentura berriak bizitzeko aukera emango dit, baita hemengo eta hango bizimoduak alderatzeko aukera ere. Ez da lehen aldia hemen nagoena; txikitan izan nintzen gurasoekin eta 2016an 3 hilabeteko egonaldia egin nuen. Oraingoan, ordea, Trentoko bizitzan bete-betean murgildu behar izango dut. Ze erremedio!
Igandean heldu nintzen eta zorionez ezer ez da aldatu Trenton. Aitarekin etorri naiz eta harrituta utzi dut hiria nola ezagutzen dudan ikusi duenean. Lankide batek atzo esan zuen moduan: "badirudi aurreko astean joan zinela!". Izan ere, denak jarraitzen du betiko eran, dena dago leku berean. Imajina ezazue zeinen gutxi aldatu diren gauzak ezen 2016tik hona autobusaren prezioak berbera izaten jarraitzen baitu! Eta autobusaz ari garenez, gaur goizean 2016an ere autobus bera hartzen zuen tipo batekin egin dut topo. Aurreko astean joan izan banintz bezala...
Ezer ez aldatzeak baditu kontrako gauzak ere. Trento aspergarria zen eta aspergarria izaten jarraitzen du. Irudika dezazuen, Trento Alpeetan dago, Adige ibaiaren ertzean, eta 120.000 biztanle inguru ditu. Oso lasaia da. Alde zahar txiki bat du eta beste guztia etxebizitzak dira. Hemen ezin da poteorik egin, taberna dentsitate baxuko hiria da zalantzarik gabe. Eguraldiak ere ez du asko laguntzen; elurrik egiten ez badu ere (eta agian egin behar luke garai honetan urte arraroa ez balitz), hotz egiten du eta nabari da jendea ez dela hainbeste animatzen kalera ateratzera. Gainera iparralderago eta ekialderago dagoenez eta mendien artean dagoenez, Euskal Herrian baino lehenago iluntzen du garai honetan eta horrek ere baldintzatzen du bizi estiloa.
Lanera erraz egokitu naiz aurretik ezagutzen bainituen lankideetako asko eta gauzak ez direlako asko aldatu. Abentura berri batean nago orain, ordea, aurrekoan egin ez nuena: apiriletik aurrera bizitzeko gela baten bila nabil, orain ikasle-egoitzan bainago.
Pisua internetetik bilatzen hasi nintzen urtarrilean bertan, Facebooketik hain zuzen ere. Denetarik gertatu zait momentuz: 1) mezu pribatuak irakurtzen ez dakielako nire (eta beste hiruren) mezuak irakurri ez dituen tipa batekin egin dut topo, 2) Skype bidez elkarrizketa bat egin nuen, baina ez dut castinga pasatu (badakizue nolakoa den gela aurkitzea) eta, gaur bertan, 3) egoera xenofobo bat bizi izan dut. Hona hemen kontakizuna.
Gaur Facebooken gela bat alokatzeko zuen emakume bati Whatsappa idatzi diot gelaren iragarkia ikusi dudala eta ikustea interesatuko litzaidakeela, noski +34 hasten den telefono zenbaki batetik. Hara non, tipak (Albert Camusen aipu bat Whatsappean duen tipak) nahiko zakar galdetu dit zenbat urte nituen, nongoa nintzen, langilea edo ikaslean nintzen eta noiz arte geratzeko asmoa nuen; bere esanetan "pisuan beste neska bat zegoelako eta neska hori ondo egotea nahi zuelako". Gauzak erraztearren espainola nintzela esan diot eta momentu horretatik aurrera tonua aldatu du. Ez dakit beste etxejabe lerdo bat aguantatzeko prest nagoen, egia esan. Horretan Trentok eta Euskal Herriak antza dute.
Ikusten duzuenez, aurreko sarrerekin erlazio gutxi duen sarrera izan da hau. Hemendik aurrera, posible bada, Bilbon gertatzen diren gauzak beste perspektiba batetik aztertzen saiatuko naiz 1.500 kmra nagoela aprobetxatuta.