Aurreko sarrera irakurri bazenuten, jakingo duzue datozen 2 urteetan Italian biziko naizela, Trenton zehazki. Agian ez dakizue Trento non dagoen ez baita albisteetan sarri agertu azken asteetan, baina Italiako mapa hartuz gero ikusiko duzue iparraldean dagoela, coronavirusak jotako eskualdeez inguratuta.
Bai, ondo hasi dut egonaldia. Herrialdea ezagutzeko aukera izan eta ezin izango dut aprobetxatu monumentuak, museoak eta aisialdirako beste hainbeste gauza itxita daudelako coronavirusaren krisia dela eta. Gauzak horrela jazo dira:
Orain dela 3 aste inguru heldu ziren lehen kasuak Italiako prentsara eta inauterietarako, dagoeneko, Lonbardiako eskualde bat zaintzapean jarri zuten. Orduan, Trentoko bizitza normala zen, tabernak zabalik zeuden eta inauterietako desfilea egin zuten. Bat batean, ordea, Italiako inauteri guztiak eten zituzten, Veneziakoa barne eta eskualde batzuetako haurrei eskolara ez joateko eskatu zieten. Zuek orain zaudeten antzera.
Kiroldegiak, gimnasioak, asialdirako leku guztiak zabalik egon ziren, ordea. Hala ikusten nituen nik eskolarik gabeko gaztetxoak autobusean zalapartaka, musuka, barreka! Hala ikusten nituen nik Gabbioloko futbol zelaian entrenatzen! Bazirudien, eskolen etenaldiaren ostean, normaltasuna helduko zela.
Eta heldu zen, gutxi gorabehera. Umeak eskolara itzuli ziren eta besteok normal egin genuen lan, ez bada eskuak garbitzeko uneoro gogorarazten zigutela. Behin komunean eskuak jaboiaz igurzten 40 segundo pasa zituen neska bat ere ikusi nuen. Txorrota ukondoaz zabaltzen zuela ere ikusi nuen. Bestela, bizitza normala.
Aurreko astean heldu zen errotiko aldaketa. Italiako esparru gorria 24 probintziatan zabaldu zen (hemen probintziak oso txikiak dira) eta 16 milioi pertsonari etxean geratzeko eskatu zieten. Tira, batzuek ez zuten errespetatu eta eskiatzera etorri ziren Trentinora, baina gero eta gehiago entzuten ari naiz "erantzukizun" hitza italiarren ahotan. Hasi dira kontzientzia hartzen. Esageratua? Agian, baina asko maite dituzte haien amamak eta horrek eragina izan du.
Ezagutzen duzue Nonna Rosetta? Hemen duzue.
Nire lantokia ere itxi dute. 600 langile inguru gara eta 23ra arte etxetik lan egitera behartu gaituzte. Goizean bulegora joan naiz behar nituen gauzak hartzera, baina bestela etxetik aritu naiz eta, zer nahi duzue esatea? Dagoeneko asper-asper eginda nago.
Eusko Jaurlaritzak Italian erasmusean zeudenei itzultzeko aholkatu zien, doktoretzako egonaldia egiten ari zirenak itzultzera behartu zituen. Niri ez zidan ezer esan Jaurlaritzako beka batekin banago ere. Tira, argi nuen ez nintzela itzuliko. Garai hartan ez nekien blokeatuta dagoen eskualde batean bizitzea zer den, baina argi nuen ez nuela Euskal Herrian inor menturaz gaixotu nahi. Banekien, hala ere, gogorra izan zitekeela psikologikoki, 15 egun etxean egotea asperduraren gorena izan baitaiteke. Orain badakit espero nuena baino askoz ere gogorragoa dela (Trento ez dago eremu gorrian, baina aisialdirako aukera guztiak eta nire lantokia itxita ditut).
Susmoa dut ez ote zaizuen zuei ere antzeko egoera bat helduko. Agoantatu behar izango duzue, tokatu zaizue. Ez saiatu besteak baino azkarragoa izaten, sistema inmunologikoa makalduta dutenak gogoan izan eta saiatu inor arriskuan ez jartzen.
Ikusiko zenuten nik ez dudala inolako beldurrik gazte osasuntsua naizen aldetik; kalera ateratzen naiz, ez ditut eskuak aholkatu bezainbeste garbitzen eta ez naiz izutzen nire ondoan norbaitek eztul egiten badu. Igaroko da hau eta esajeratu genuelako barre egingo dugu. Ez dakit Italiak zer egingo duen enkargatu dituen hilabeteko 500 arnasteko makinekin behin epidemia pasatuta. Afrikako ospitaleei oparitu? Bitartean, liburu on bat eta eskerrak interneta dugun!