Berrogeialdirako 3 gomendio

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2020ko mar. 18a, 20:37

Aspertzeko tartea izanez gero, izan hauek kontuan

Irakurle maiteak, URIOLAtik zutabegileekin jarri dira kontaktuan bakoitzak coronavirusak behartutako berrogeialdian egiteko ideia batzuk botatzeko. Ez dakit zuek, baina nik ez dut aspertzeko astirik izan eta badira dagoeneko 11 egun Italian etxean geratzera behartu gintuztenetik. Ikusten duzuenez, berrogeialdiaren martxa hartzeko denbora dezente izan dut eta aitortu behar dut lehen egunean ezin eutsi ibiliko nintzela uste banuen ere, orain oso umore onez hartzen dudala tokatu zaigun egoera.

Saiatzen naiz normaltasunez lan egiten. Ni izango naiz alderdi horretatik sektore pribiliegiatuenetakokoa; bulegoan nengoenean ere dena egiten nuen ordenagailu bidez. Hala ere, ez da berdin lan egiten etxetik: ez da gauza bera portatil baten gainean konkortuta lan egitea eta zaila da arreta denbora luzez mantentzea sare sozialak borborka dabiltzan garai hauetan.

Dena lana ez denez, lotan eta supermerkatuan igarotzen ez diren orduak ere zerbaitekin bete behar dira. Badira gauza batzuk ezinbestean egin behar direnak eta lanpetuta eta burutik sano mantenduko gaituztenak:

  • egunero dutxa hartzea
  • etxea txukun mantentzea
  • janaria prestatzea (orain da momentua sukaldean patxadaz aritzeko)
  • ariketa fisikoa egitea


Horiek minimoak baino ez dira. Berrogeialdia arrakastaz pasatzeko honako hiru gomendioak dakarzkizuet:

1. EGIN YOUTUBER

Ikusi bideo hau:





Minutu pasatxoko bideo hau eta bere gaztelaniazko bertsioa (denera ez dira 3 minutura heltzen) egiteko 5 ordu eman nituen atzo, eguneroko dutxan ideiari bueltak ematen igaro nuen denbora alde batera utzita. Esan daiteke atzo esna egon nintzen denbora ia osoa hartu zidala bideoa grabatzeak eta editatzeak.

Izan ere, gauzak txukun egin behar dira: onenengandik ikasi, gidoia ondo prestatu eta bideoa txukun editatu. Animatzen bazarete, nik Kdenlive erabiltzen dut ediziorako. Nahiko erraza da ikasteko eta, bestela, oso ondo dokumentatuta dago nola erabili. Pentsa bideo txukunak grabatzeaz gain, tresna erabiltzen ikasteak ere denbora hartuko dizuela eta ez duzue aspertzeko inolako denborarik izango.

2. ABENDUALDIKO EGUTEGI BAT EROSI

Hau ez da bereziki denbora pasatzeko ekintza, baina uste dut blokeoa beste aldarte batez igarotzen lagun dezakeela. Hurrengoan erosketak egitera zoaztenean, zoazte Lidl-era eta abendualdiko egutegi bat erosi. Martxoa bada ere, ziur ofertan dituztela oraindik 0,79 € jartzen duen kartel baten azpian kutxaren ondoan.

Abendualdiko egutegiak dira leihodun kartoizko kutxak (normalean gabonetako irudiak dituzte). Leiho bakoitzak zenbaki bat du (1etik 24ra) eta leihoa zabalduta txokolatetxo bat aurki daiteke. Abendualdiko plana izaten da abenduaren 1etik hasita eta 24ra egunero leihotxo bat zabaltzea eta txokolatetxoa jatea.

Koronaldirako ere balio du. Kalkulatzen dut oraindik ere 24 egun inguru geratuko zaizkizuela etxean sartuta eta, orduan, egunero leiho bat zabaldu behar izango duzue. Agian kasu honetan komeni da 24. leihotik hastea eta atzerakontua egitea.

Ekintza honek 2 onura ditu. Alde batetik, berrogeialdiaren amaierara hurbiltzen ari garela erakutsiko dizue. Beste aldetik, txokolate dosia kontrolatzen lagunduko dizue. Blokeoan daramatzadan 11 egunetan ikasi dut egunero txokolate apur bat jan behar dela animoari eusteko. Era berean, ikasi dut txokolate eta azukre dosia ahalik eta txikiena izan behar dela, behin kalera irten ahal izango garenean, atariko atetik pasatu ahal izateko. Koronaldiko egutegia ondo errespetatuz gero eta beste txokolaterik jan ezean, helburua lor daiteke.

3. DEUSTUKO JAIAK OSPATU

Deustuko jaien karietara kanpoaldean antolatutako ekintza guztiak bertan behera geratu badira ere, horrek ez du esan nahi ezin ospatu daitezkeenik. Hona hemen etxean zer egin dezakezun:

  • Lehiaketa gastronomikoetan parte hartu. Etxean hainbat bazarete, baduzue noren aurka lehiatu. Bakarrik bizi bazarete, zorionak, txapeldun! Gainera, janaz gain trofeoa egiten ere denbora pasatu behar izango duzue.
  • Youtube, garagardo hotzak, jaietako zapiak eta plastikozko edalontzi erabilgarria: kontzertua. Aglomeraziorik gabe eta teloilari eskasik gabe. Gainera, rap gaua saihestu ahal izango duzue. Ba al dago plan hoberik?
  • Ostiral gauean sonbrerü gaüa eta poteoa bideokonferentzia bidez. Etxean interneta izanez gero, ez dago aitzakiarik lagunekin eta familiarekin Deustuko jaietako gaurik maiteena ez ospatzeko. Horretarako ondokoak erabil ditzakezue: Google Hangouts, Google Duo, Jitsi, BbCollab, Skype, Facetime (iPertsonak bazarete)... Ziur kuadrillakoren bat abila dela horretan.


Eta noski, ez ahaztu ezagun guztiak Deustuko jaietara gonbidatzea, bereziki bakarrik bizi direnak!!!