Orain dela urtebete 2020ko Aste Santua etxean igaroko genukeela esan izan baligute, ez genukeen sinetsiko. Txinan lehen koronabirus kasua identifikatu zutenean, Euskal Herrian eskolak etengo zituztela esan izan baligute, ez genukeen sinetsiko. Are gehiago, Europan lehen kasuak azaleratu zirenean, apirilean uda nolakoa izango zen jakin ezinik ibiliko ginatekeela esan izan baligute, ez genukeen sinetsiko.
Ezin imajinaturik geunden horrelakorik gertatuko zitzaigunik. Hori hala da. Nostradamusek ere ez luke igerriko. Nik ere ez nukeen esango, baina ni ez naiz Nostradamus.
Kontua da otsailaren 1ean Bilbotik atera nintzela Trenton 2 urte igarotzeko asmoz. Buruan nituen hainbat bidaia, hemengo lagunei bisitak, elurra joandakoan igoko nituen mendiak... Heldu eta pare bat astera nire lagun baten ezkontzara joateko hegaldiak erreserbatu nituen eta hasia nintzen lagunekin udako oporrak antolatzen.
Heldu eta 36 egunera, ordea, Italia konfinamenduan sartuko zela iragarri ziguten. Lanerako behar izango genituen dokumentuak eta tresnak hartzeko denbora utzi ziguten ozta-ozta eta ondoren supermerkatura joateko baino ez gara ateratzen. Ezer berririk ez dizuet esango horrelakoak esatean.
Konfinamenduko lehen egunean ere ezin sinetsi nezakeen egoerari eutsiko nionik. Nahiko urduri joan nintzen ohera. Egunek aurrera egin ahala, ordea, egoari neurria hartzea lortu dut. 21. egunetik aurrera lasaitasun sentsazio handia dut: ohitu naiz. Orain batzuetan nire onetik ateratzen nauten bi gazte inozorekin bizi banaiz ere.
5 aste pasa ditut dagoeneko konfinamenduan. Trentora heldu nintzenetik konfinamendura deitu arte igaro nituen beste. Aitortu behar dut dugun eguraldiarekin etxean egoteak pena ematen didala. Aitortu behar dut bi petarda hauekin bizitzeak egoeraz nekatzera naramala.
Kontua da gaur zaborra jaistera atera naizenean, bueltaxka bat egin dudala. Ez zen 5 minutura helduko, baina arrotz sentitu naiz. Zenbat kostatuko zaigu kalera normaltasunez itzultzea? Nork esango zigun bizi dugun egoera latzera ohituko ginela? Nork esango zigun normaltasuna arrotz egingo zitzaigula?
Berriro kalera ateratzen garenean, zerk harrituko gaitu? Atzera begira, nola ikusiko ditugu egun hauetan bizitakoak?