Maiatzeko sarrera idaztean, hori koronabirusari lotutako azkena izango zela pentsatu nuen. Kontuak, ordea, puri-purian jarraitzen du gurean. Tira, zuenean, ni Trenton bainago.
Itxialdia hasi zenetik, etengabe konparatu ditut Trentinoko eta Euskal Herriko egoerak. Batzuetan, nire burua animatzeko, beste batzuetan kuriosidadez hutsez, askotan beste batzuek eskatuta (ziur helburu bera zutela). Uste nuen dagoeneko normaltasun berritik hurbil egongo ginela. Trentinon, dirudienez, bagaude. Astelehenean kaletik musukoa eramateko araua bertan behera geratuko da. Eskerrak! Ia dena zabalik dago, Italia barruan libreki mugitu gaitezke eta oso kasu gutxi agertzen ari dira probintzian...
Udan Euskal Herrira joango nintzelako kobentzituta nengoen. Euskal Herrian ere, dena doa perfekto. Lehenak izan zarete fasez fase, faseetan hobari extrak lortu dituzue, ospitaleak ez dira guztiz saturatu, tabernetako terrazak beteta daude, jendea udarako modelitoak erostera joaten ari da... Uda igarotzeko leku ona ematen zuen Euskal Herriak. Azken kasuek irudi idilikoa lausotu duten arte, noski.
Lehen berragerraldi potentea da? Zenbat jende dago orain benetan izorratuta besteok kalean gabiltzan bitartean? Kasu hauek benetan esanguratsuak dira? Donostiko metroaren zuloa estaltzeko azaleratu dituzte? Direna direla, soilik espero dut ez gertatu izana gauzak korrika eta presaka egiteagatik.
Uztailaren 17an ikusiko dugu elkar, printzipioz, uztailaren 13an, hauteskundeak igarota, murriztapenak indarrean jartzen ez badituzte. Eta Alpeen alde honetan denak bere horretan jarraitzen badu, esan gabe doa. Bestela, agian abuztuan ikusiko dugu elkar, edo irailean, edo gabonetan. Bitartean, denon lana da, ahal den heinean, egoera ez okertzea.