Gabonetatik urrira arte ez dut atsedenik izan kasik proiektu batean lanean ari izan bainaiz buru-belarri. Urriaren hasieran, ordea, proiektuaren lehen fasearen emaitzak aurkeztu genituen eta oporraldi laburra hartzeko une egokia zela erabaki nuen. Bidaia irten baino astebete lehenago zehaztu nuen: Firenze-Arezzo-Perugia-Roma. Trenez. Dagoeneko ez naiz ausartzen aurrerapen handiaz hegaldi bat erreserbatzera. Egia esan, itxialditik atera ginenetik hala ibili naiz, ez dut erreserbarik inon ez ezertarako egiten azken momentura arte. Hala geratzen naiz beti kontzertuetarako sarrerarik gabe. Nork esango zigun hain egoera aldakorra biziko genuela!
Bidaia berezia izan da. Ez zait bizitza aldatu didan ezer gertatu, baina egoera ez zen iazkoa. Firenze eta Erroma, Erroma eta Firenze. Hutsik. Irudian ikusten duzuen bezala, Vatikanoa ere, hutsik. Gaztelaniaz esaten den bezala, "no había ni Dios". Ezta bere bulego zentralean ere. Udazkeneko klima epela, arratsaldeko urrezko argia eta lasai pasiatzeko aukera. Ilararik ez museo eta monumentuetan, esertzeko tokia beti autobusetan, edozein terrazatan lekua. Ez balitz Italiara sartzeko covid froga egin behar duzuela, egoera okertu baino lehen (agian irakurtzen duzuenerako beranduegi da) etortzeko esango nizueke.
Hotelak ezin merkeago daude, baita hegaldiak ere. Souvenir dendetan deskontua egiten dizute, lehen lotsarik gabe puzten zituzten prezioen ordez arrazoizko prezioak eskaintzen. Ez dago "I <3 Roma" jartzen duen jertserik erosiko duenik ia. Zer esanik ez Michelangeloren Davidaren amantala erosiko duenik. Jatetxeek prezio berak izaten jarraitzen dute, baina orain leku txukunetan afaltzeko lekua dago eta erdigunetik aldenduz gero, agian, gaueko bezero bakarrak izango zarete.
Apur bat tristea ere bada. Agerian geratu da turismoak hiriak suntsitzeko duen gaitasuna. Diru asko ekar dezake garai honetan, baina hondamena baino ez du uzten azken turista taldea gidaren aterkiaren atzetik autobusera igotzen denean. Erromako erdigunean ez dago tabernarik, ez dago kalean gora kalean behera firin-faranean ibili ostean, garagardo bat hartzeko tokirik. Edo 10 €ko makarroi platera edo izozkia, baina auzokorik oraindik badago, etxe inguruan pote bat hartzeko lekurik ez dute aurkituko.
Ez dakit noiz bidaiatuko dudan berriro. Aukerarik izanez gero, azken momentuan erabakiko dut. Orain lan egitea tokatzen zait, ikerketa erresistentzia-lasterketa baita. Agian hori da kontua: krisi honetatik aterako bagara, ezin dugu bat-bateko etekina bilatu, apurka-apurka baina luzaroan aberastasuna sortuko duen eredu baterantz jo behar dugu. Ez naiz ni momentu honetan negozio bat abiaraziko duena, baina banaiz hurrengo oporraldian lo egiteko leku txukuna bilatuko duena, afaltzeko leku atsegina bilatuko duena, museoak bisitatuko dituena, motxila erdi hutsik badu erdi hori erositako liburuz beteko duena eta atsedena hartzeko terraza eder batean garagardo bat eskatuko duena. Aita santuaren irudia duen kamiseta kutre bat ere erosiko duena naiz, baina souvenir denda bat ere beharrezkoa da, ez?