Hizkuntzalaria naiz eta hizkuntzaren azterketa eta prozesamenduan egiten dut lan. Lanean ari ez naizenean, prentsa irakurtzen dut, musika entzuten dut, lagunekin hitz egiten dut... Gaur, ordea, hizkuntzalaritzaz hitz egingo dut lanetik kanpo. Bai, hizkuntzalari dena, egunean 24 orduz hizkuntzalari da, horrelako pelmak gara. Harira, demonio!
Hizkuntzalaritza ikastean momenturen batean Chomskyren teoriak ikasten dira. Laburbilduz, Chomskyren arabera gizakiok hizkuntzarako berezko gaitasuna dugu. Hau da, inork irakatsi gabe ere, hizkuntzarik entzun gabe ere, hitzezko diskurtso egituratuak sortzeko gai gara. Azken 70 urteetan hori frogatzeko hainbat esperimentu egin dira. Hipotesia indartzeko, gainera, honako behaketa egin da hainbat esperimentutan: umeak gai dira hizkuntza zuzen ikasteko inguruan hizkuntza akastuna entzuten ez badute ere. Adibidez, gurasoek ondo menderatzen ez duten hizkuntzan hitz egiten badiote umeari, umeak, berezko gaitasun hori baliatuta, hizkuntzaren gramatika zuzen garatzea lortzen du. Beraz, gizakiok eredu ez-perfektuetatik ikasteko gaitasuna dugu.
Hizkuntzaren azterketa eta prozesamenduan lan egiten dudanez, jakin badakit, tresnek ere eredu ez-perfektuetatik ikasten dutela. Baina hau beste kontu bat da. Harira berriro, demontre!
Esan dudanez, lanetik kanpo inguruko gauzetaz enteratzea gustatzen zait eta orain dela aste batzuk Chill Mafia ezagutu nuen. Suposatzen dut zuek ere dagoeneko ezagutuko zenutela. Zergatik ezagutu duzue? Musikagatik? Twitterren izan zuten tira-biragatik? Hitz egiteko moduagatik?
Azken kontuan zentratuko naiz. Euskaldun batzuk kexu dira Chill Mafiak euskañola erabiltzen duelako. Joder, Errotxapeakoak dira, gaztelania nagusi den eremu batean bizi dira eta nahi eta ez eremuaren eragina dute, eremuaren parte dira eta hori nahigabe islatzen da. Euskañola kalitate baxuko euskara dela diote batzuek, baina errealitate baten isla ere bada. Euskararen input eskasia dugu.
Euskararen eta euskarazko gauza "guay"en input eskasia izanda ere, Iruñeako gazte batzuek euskarazko musika sortu dute. Euskarazko trapik ez zegoen eta beste hizkuntzetako ereduak hartuz (euskararako ez-perfektuak) eta euskarazko trapa sortu dute. Ikusten duzuenez, gizakiok eredu ez-perfektuetatik ikasteko gaitasuna dugu.
Batzuentzat, ordea, Chill Mafiaren musikan euskara eta gaztelania nahastea ez da euskarak behar duena. For God's sake! Gozatu musikaz, dedio! Tira, askorentzat ez da oso musika gozagarria izango, baina gazteen artean sekulako arrakasta du. Agian kexu direnak zaharrak dira? ;-P
Kontua da Chill Mafiak Gorpuzkingzek (sorry, baina millenialak zarete) baino arrakasta handiagoa lortu duela eta trapa % 100 euskaraz egingo dutenentzako eredu izango direla. Gizakiok eredu ez-perfektuetatik ikasten dugu. Bitartean, nik Chill Mafiaren abestiak entzuten jarraituko dut, zer zein hizkuntzatan dioten pentsatu gabe, askoz ere interesgarriagoak iruditzen zaizkit bi hizkuntzekin jolasten egiten dituzten filigranak.
Ea artikulu honen bigarren partea laster idazteko aukera dudan. Noiz zabalduko da % 100 euskaraz egindako trapa? Noiz egingo du eztanda beste hizkuntzetan egin duen bezala?