Bizkaiko garraio publikoaren tarifa bateratuaz

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2021ko api. 20a, 22:07

Aldaketarik egon ezean, Bilboko auzo periferikoetako biztanleak nabarmen kaltetuko dira.

Aurrekoan Bizkaiko garraiobide publikoetan tarifa bateratua ezarriko dutela irakurri nuen. Ez da albiste berria, berez, administrazioa eta interesatutako beste entitate eta eragile guztiak luzaro ari izan baitira honetan lanean. Albiste dena da garraio publikorako tarifa bateratutik hurbilago gaudela.

Alde daudenek azpimarratzen dutenez, bide bera egiteko hartzen den garraiobidearen arabera, prezio bat edo beste bat ordaintzen da. Tarifa bateratua izanik, hau saihestuko da Bizkaia zonatan banatuko dutelako (tira, badago dagoeneko) eta zona batean edo batetik bestera mugitzea izango delako kontuan tarifa ezartzeko eta ez zein garraio hartzen den bide hori egiteko. Adibidez, prezio bera ordainduko da Portugaletetik Bilbora metroz, trenez edo autobusez etortzeko. Hainbatek eskertzen du.

Ni, ordea, sutan nago. Alde batetik, Diputazioak dagoeneko aitortu du % 6 gehiago irabaziko duela tarifen bateratzearekin. Bestetik, % 6 horren zati handi bat Bilboko periferiako auzoetan bizi diren langileek ordainduko dutelako susmoa dut. Ez dakit konturatu zareteen, baina La Peñak, Zazpi Landak, Larraskituk edo Arangoitik, besteak beste, Bilbobusa baino ez dute Bilbotik mugitzeko eta tarifen bateratze horretan Bilbobusa metroaren prezio berean jartzea aurreikusten da. 0,66tik 0,93ra pasatuko da Bilbobuseko tarifa. Eta zer gertatuko da Etxebarri Buseko erabiltzaileekin? Haiek ere igaroko al dira 0,47 €tik 0,93ra? Eta beste herrietan?

Hilabeteko eta urteko abonamenduak eskainiko dituzte? Baita langileentzat ere? Leioako kanpuserako Bizkaibusaren tarifa mugatuko dute? Ideiak botatzearren baino ez da.