Animaliak maitatzeaz

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2021ko mai. 11a, 19:16

Nire pisukideak animaliak gustuko ditu. Nik, ez. Hala ere, nork maite ditu gehiago?

Azken 12 urteetan 10 etxetik kanpo bizi izan naiz eta hainbat pisukide izan ditut: dozena eta erdi inguru, oker ez banago. Pisukideek beti ematen dute zer kontatu eta batzuekin bizitako esperientziekin nobela osoak ere idatz nitzake. Gaur, ordea, azken pisukidearekin izan nuen elkarrizketa batetik sortutako gogoetak ekartzen dizkizuet.

Gosaltzeko orduan katuak edo txakurrak nahiago nituen galdetu zidan eta animaliek, bereziki maskotek, nigan ez dutela inolako interesik erantzun nionean harridura aurpegia jarri zuen. Adi! Gustatzen zait mendira joatean animaliak ikustea, inoiz galdetuz gero nire animalia gogokoena behia dela esaten dut eta urtean hogei bat aldiz aipatzen dut ikerketa utzi eta artalde bat erosita gazta egiten hasiko naizela. Baina maskotak, ez, maskotak ez daude nire planen barruan. Arraroa omen naiz. Tira, izan naiteke, baina ez horregatik.

Nire pisukideak esan zidan "katuak poztasuna" direla. Esan zuen ere denok dugula norbaitengana joateko beharra. Ados, baina animalia batengana? Esan nion ni gizakien arteko interakzioen zaleagoa nintzela. Bada esaera bat: "zenbat eta jendea hobeto ezagutu are gehiago maite dut nire txakurra". Tronko, igual arraroa dena zu zara...

Total, konpainiaz ari ginela esan nion orduan ez nuela ulertzen arrainak edo txoriak edukitzearena. Etxea edertzeko animalien esplotazioa ez al da hori? Onena bere erantzuna izan zen: "guk bagenituen perikitoak etxean, apur bat txarto sentitzen nintzen beti kaiolan ikusteaz, baina gero pasatzen zitzaidan". Animalien maitaleak dixit.

Animalien esplotazioaren haritik, aipatu nion lan egiten duten animalien alde nengoela ni eta ez pentsatzeko espezista nintzenik. Terapia-txakurrak eta enparauak zoragarriak iruditzen zaizkit. Errege-erreginak bezala bizi diren maskotek, ordea, nazka apur bat ematen didate. Tira, haien jabeek. Nola heldu da gizartearen zati bat maskotak seme-alabak baino hobeto tratatzera? Seme-alabengandik lehenago edo beranduago lanean hasiko direla eta gizartearen parte aktibo izango direla espero da, eta adin bat pasatuta "umeek" nagikeritan jarraituz gero, indirekta bat edo beste jasoko dute bederen. Maskotei maitasuna baino ez zaie eskatzen 5 izarreko hotelean bizitzearen truke.

Egia esan, arduraturik naukan kontua da. Hainbeste maskota-maitale dago ezen Bilbon txakur gehiago dago umeak baino. Rovereton (Trento ondoan) hamar biztanletik bat txakurra da (you know what I mean). Ez dut inor beldurtu nahi, baina populazio-piramidea piramide ez denean ikusi da arazoak datozela. Aparte, terrorifikoa iruditzen zait bikote gazteek txakur bat izatea ume bat izan baino lehen "praktikatzeko" (autorearen nota: nire pisukideari munduko gauzarik logikoena iruditzen zaio).

Bai, ikusten duzuenez, gizartearen norabideak larritzen nau. Eskerrak, maskotekin dugun tontakeria alde batera utzita animaliak maitatzen eta errespetuz tratatzen ikasten ari garen. Zezenketek gero eta zale gutxiago dituzte, animalienganako bortizkeriarik gabeko produktuak gero eta maizago aurki daitezke eta, garrantzitsuena, habitat natural asko berreskuratzen ari gara (oraindik ere beste hainbeste suntsitzen badihardugu ere).