Horraino igo behar dugu?

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2021ko aza. 12a, 09:00

Gizakiak beti konkistatu nahi izan ditu munduko zokorik konkistaezinenak, baina ba al du horretarako eskubiderik?

Azken urtean behin baino gehiagotan entzun dugu: "utzi mendiak bakean!". Kexu izan gara mendiak jendez bete direlako beste zereginik ez zegoen garai hartan. Eskerrak azkenean tabernak berriro zabaldu zituzten!

Alpeetan, ordea pozik daude, denbora luzez geldi egon ziren teleaulkiak eta telekabinak udan lehertzera arte betetzen zirelako. Inoiz mendira igo ez ziren horiek ari ziren igogailuak erabiltzen. Gainera jatetxeetan bazkaldu eta hoteletan lo egiten zuten. Arazoa da igogailu berriren bat eraikitzea bururatu zaiola baten bati. Baina tira, mendia maite dutela esan eta mendiak ematen dien etekin ekonomikoa maite dutenek diote hori.

Mendia benetan maite dutenek mendia bere horretan maite dutela diote, baina nik hori zalantzan jartzen dut. Ados egongo dira eski estazio guztiak itxi eta basoak berreskuratzea proposatuz gero? Eskalada hormetako lotuneak eta ferratetako eskilarak kentzearen alde egongo dira?

Gogoeta hau Trentinoko Dolomitetan egin zen interbentzio baten harira egin nuen. Mendian, oso goian, haitz artean, haitzak egonkortzeko ehundaka kilo hormigoi jarri zuten. Eta mendi maitaleak hasi ziren "Ai ama! Ze gauza itsusia! Mendi terrorismoa da hori!" ("Mamma mia, ************!" jatorrizko bertsioan). Kontua da arrisku handia zegoela finkatutako haitz horiek ferrata baten gainera erortzeko. Eta estropizioa egin zuenak esan zuen "tira, beste aukera ferrata ixtea zen!", eta mendizale guztiek erantzun zioten "ez, mesedez, ferrata epiko-mitiko-historikoa da, zabalik mantendu behar da!". Hormigoia bai ala ez, orduan? Tonako harria norbaiti gainera erori arte ferrata zabalik utziko dugu? Argibidea: esaldi guztiek dituzte harridura ikurrak dramatismoz irakurtzeko, italiarrek dramatismo handiz bizi baitute haien bizitza. Bide batez, hemen dituzue konponketen argazkiak.

Total, ferrata bai ala ez? Zergatik demontre heldu behar da zoko guztietara? Menditik ibiltzean, zergatik irten behar dugu markatutako bidetik? Zergatik higatu orain arte bere osotasunean zeuden bazter puruak? Denok heldu behar dugu zoko guztietara?

Badakizue zein den mendiaren magia? Oraindik esploratu gabeko lekuak dituela. Behin horiek deskubrituta, baina, magia galdu egiten dute.

* Azaleko irudia L'Adige egunkaritik hartu dut.