Adio, Italia!

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2022ko urt. 19a, 17:15

Berlusconi presidente den edo ez Bilbotik jakingo dut.

Bi urte Italian pasa ondoren, Euskal Herrira itzuliko naiz. Pozik nago itzuliko naizelako. Bi urte pasa ditut herrialde honetaz kexatzen. Baina triste ere banago, lagunak egin ditudalako eta badakidalako batzuk tarte luze batez ez ditudala ikusiko. Urduri ere banago, ez baitakit zehatz zenbat geratzen den Euskal Herrian utzi nuen bizitzatik eta ez dakit zenbat kostako zaidan bizitza berria egonkortzea. Zurrunbilo batean nago, ikusten duzuenez.

Baina tira, hemen uzten dut Italiako kaosa. Italiarrentzat osorik. Trenton, Iparraldean eta eskualde autonomo batean, bizi banaiz ere, zenbat aldiz ez naiz kexu izan gauzak hobe egin zitezkeelako? Kaleak garbiago egon zitezkeen, autobus zerbitzua hobea izan zitekeen, bizitza kulturala interesgarriagoa izan zitekeen (covidak utzi digunean), gabonetako merkatutxoak popatik hartzera bidal zitzaketeen... Ikusten duzuenez, Bilboz kexu gara (arrazoi osoz), baina kexatzen jarraitu behar dugu Bilbo are hobea izan dadin.

Eta Italia maila gauzak ez dira hobeak. Ekonomia, azpiegiturak, administrazioa, politika... Dena da kaosa. Eta orain Berlusconi Italiako estatu buru izan daiteke. Hondamena izan daiteke, baina Italiak aldaketa sakonak egiteko pizgarria ere izan daiteke. Hau da, italiarrek "aski da!" esateko unea ekar dezake. Bada garaia Italian gauzak txukun egiteko. Imajina dezazuen, Italiako administrazioa errepide sarearen modukoa da, konplexua eta partxez betea. Errepide asko guztiz erabili ezinak dira, baina besterik ez dagoenez hortik pasa behar da eta noizbehinka konponketa txikiak egiten zaizkio. Baina ez dira oinarriak sendotzen, partxe bat jartzen da eta aurrera. Eta horrela jarraituko du kontuak aldaketa drastikorik heldu ezean.

Erabaki dut hamar urte barru itzuliko naizela goizenez, aldaketak egiteko denbora izan dezaten. Ikusten duzuenez, esperantza apur bat ere badut. Gazte prestuak ezagutu ditut eta noizbait haien esku egongo da herrialdea. Bidea luzea da, ordea. Turista bezala beste modu batean ikusiko al dut Italia?