Orain Deustuko jaiak amaitu dira eta zorionez ez da III Mundu Gerra hasi. Deustuko jaiak izan dira hainbeste murriztapenen ondoren "normaltasunez" egin diren jai herrikoietan lehenetakoak eta ilusioz eta indarrez hartu ditugu. Behar genituen.
Batzuentzat lehen jaiak izan dira, azkenak ospatu zirenean barraketan eta playbackean ibili ostean. Lehenengoz "nagusiekin" nahasi dira eta mundu berri-zaharrarekin talka egin dute. Zenbat aldiz ez ziguten galdetu txosnan txartelaz ordain zitekeen?
Hala ere, horrelako indarrez eta sasoiz hartu ditugunez jaiak, txosnagunearen mugak ere ezagutu ditugu. Larunbat gauetan ezinezkoa zen ia txosnagunera sartzea eta barrara heltzea amets gaiztoa zen. Arrakastaz hil dira Deustuko jaiak eta Done Petri plaza amaitzen dutenean jai ereduari astindua emateko aukera aprobetxatzea beste biderik ez dugu.
Deustuko jaiak bi urteko etenaldiaren ostean indar osoz itzuli dira. Azken urte hauetan bizi izan ditugunak ikusita, baliteke datozen hilabeteetan Lurrean meteorito bat erortzea eta Deustuko jaiei agur esan behar izatea, baina baliteke ere fenomenorik indartsuena, uriolarik potenteena Deustuko jaiak berak izatea. Aprobetxatu dezagun Deustuko herriaren indarra!