Egunero joaten naiz lanera bizikletan. Auzoko aldapa jaitsi eta beste 70 bizikleta ingururen ondoan lotuta dagoen nire bizikleta hartzen dut. 5 kilometro egiten ditut bidegorritik eta bulego aurrean lotzen dut berriz bizikleta. Beste hainbeste ostegunetan pintxopotera noanean edota asteburuetan alde zaharrera noanean. Honezkero antzemango zenuten ez naizela Bilbon bizi.
Gaur irakurri dut Bilboko udalak gaztetxoei eskolara bizikletan joateko ikastaroak emango dizkiela. Zoragarri, baina nora lotuko dute bizikleta eskola gehienek gehienez bizikleta lotzeko 4 edo 5 helduleku badituzte? Hori, jolastokian lekua dutenean, noski. Galdera bera egin dezaket unibertsitateei eta beste lantoki batzuei buruz. Zenbat lekuk dute bizikletak lotzeko lekurik hurbil? Eta ez hori bakarrik, norberaren etxe azpian ere bizikletak lotzeko lekuak beharko ditugu, ezta? Uste dut nire etxetik hurbilen dagoena Deustuko polikiroldegiaren aurrekoa dela eta hori nire etxetik bostehun bat metrora dago. Helduleku gehiago jarri bitartean, udaltzaingoak utziko al digu gure bizikleta farola, seinale eta barandilletara kateatzen?
Beste alde batetik, segurtasuna ere badago. Ontzat emango dugu bizikletarik ez duela inork lapurtuko eta segurtasunaz ari garenean bideko segurtasunaz ari garela. Ez dakit nire burua imajinatzen dudan 16 urterekin goizero Deustuko zubia bizikletan gurutzatzen institutura joateko. Bilboko udalak auto gidari guztiak haserrearazi ditu hiria 30 km/h-ko abiadurako gune bihurtzen, baina a) ez da beti errespetatzen eta b) zalantzan jartzen dut bizikletaren erabileran eraginik izango duen (ez bada desesperazioaren desesperazioz gidariek bizikleta hartuko dutela. Teknika txarra, emaitza ona, suposatzen dut...). Europako hainbat lekutan ibili izan naiz bizikletan eta zalantza handirik gabe esan dezaket bizikletaren erabilera sustatzeko trafikotik bereizitako bidegorriak eraiki behar direla. Benetan lekuetara heltzen diren bidegorriak, ez bidegorri turistikoak.
Eta amaitzeko, txirrindulari potentzialei deia: ez dago aitzakiarik. Eguraldia ez da aitzakia. Zure bizikleta hiritik ibiltzeko adina ona da (are gehiago, hobe ez baduzu bizikletarik onena erabiltzen, pena emango baitizu lapurtzen dizutenean). Bidaia labur-ertainetarako (2-5 km) biderik azkarrena da. Ez duzu ordutegiaren zain egon behar. Merkea da, oso merkea. Nire medikuaren arabera, bizikletan lanera joatea bizitza osasuntsuaren % 50a da (nire ustez esajeratzen badu ere, sedentarismoaren aurkako metodo ona da). Ez dakit ezer gehiago gehitu behar dudan inor konbentzitzeko. Nik erabaki dut dagoeneko parrandatik itzultzeko bizikleta erabiliko dudala ahal dudan guztietan.