Ez gara guztia txarto egiten ari

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2022ko uzt. 18a, 23:10

Klima aldaketa moteltzeko eta natura zaintzeko bidean ahaztu ditugun pausu batzuk ere egin ditugu.

Uda hau suteengatik gogoratuko dugu, baita tenperatura altuengatik ere. Klima aldaketaren sintoma (eta ondorio) dira. Ni oraindik jaio gabe nengoenean hasi ziren zientzialariak klima aldaketaren eraginei buruz arduratzen. Ozono geruzan zuloa zegoela eta eguzkiak gogorregi jotzen zuela lau haizetara oihukatu zuten, eta hamarkada pare baten buruan, gobernuek entzun eta aerosolek zituzten hainbat osagarri debekatu zituzten. Era berean, laka litroak erabiltzea zaharkituta geratu zen eta horrek ere lagundu zuen. Egun ozono geruza osatzeko bidean da eta arazoa da, atmosferan eguzki izpi gutxiago sartuagatik ere, beroa ezin dela atera. Berotegi efektua esaten zaio horri eta planetaren berotze etengabea ekarri du.

Ez da egun batetik bestera konponduko dugun kontua. 2020ko itxialdiak berotegi efektua sortzen duten gasen murrizketa handia ekarri zuen eta hala eta guztiz ere datuak jasotzen direnetik urterik beroenak izan dira azkenekoak. Gehiago egin behar dugu. CO2a botatzearena errotik moztu behar dugu (arnasa ere neurrian egingo dugu klimaren izenean!).

Kontua da badirudiela ez dugula orain arte ezer egin naturaren alde, baina egin dugu. Aurrekoan hondartzatik paseoan ari nintzela konturatu nintzen urteak direla galipot txaplatarik ez zaidala oinetan itsasten. Prestige barkuak eragin zuen hondamendia baino lehen ere maiz zikintzen genituen oinak galipotez eta nire txikitako bainujantzi guztiek zuten pikor beltzen bat. Eta gero eta zailagoa da, zorionez, hondar artean zigarro-muturrak aurkitzea. Eta hondartzatik kanpo ere aurrerapausuak egin ditugu: bizikletaren erabilera handitu da, gehiago birziklatzen dugu eta auto hibrido eta elektriko bat edo beste ikusten da kaleetan.

Asko geratzen zaigu egiteko gure txikitasunean eta gure ahaleginak ezertarako ez duela balio sentitzen dugu beste kontinente batzuetan guk ditugun natura zaintzeko neurrien hamarrena ere errespetatzen ez dituztela entzuten dugunean. Gogoratu behar dugu, ordea, gure egunerokotasunean egindako aldaketa txiki bakoitza. Eta, ahal dela, beste urrats txiki batzuk gehitu jasangarritasunerako ibilbideari.