Duela hilabete batzuk Donostian euskaraz bizi den 33 urteko lagun bati esan nion ergatiboa hilzorian zegoela eta harridura aurpegiz begiratu zidan. Nik ere uste dut harrituta begiratu niola bere erreakzioari. Nola desagertuko da ergatiboa? Baina hori zer euskaraz ondo ez dakitenen artean? Esan nion susmoa nuela euskaraz ondo dakitenen artean ere desagertzera doan gramatika elementua dela. Ez dakit dagoeneko sustoaz osatu den.
Bi hizkuntzalaritza ideia ezer baino lehen:
- Hizkuntzak etengabe aldatzen dira, baina aldaketa horiek bakarrik egiten zaizkigu nabarmen bizirik gauden bitartean gertatzen badira.
- Teorikoki umeak gai dira hizkuntza bat zuzen ikasteko ikasketa-prozesuan txarto egindako hizkuntza entzun badute ere.
Ez dakit nire lagunak ETB 1 ikusten duen. Nik azken garaian dezente ikusten dut. Zurekin bat noizbehinka ikusten nuen, orain gauza bera egiten dut Mihiluzerekin. Nire bekatuak barkatzeko penitentzia modura edo Naufragoak ikusten dut eta atzo lehen aldiz Jateko modukoa programa ikusi nuen. Lau programak batzen dituen ezaugarri nagusia euskal jende gaztearen presentzia handia da. Partehartzaileen portzentaia handi batek ergatiboari ematen dion tratamendu urria/ziztrina/muriitza/txikia/anekdotikoa/bazterrekoa eta inolako zainketarik gabekoa ere izan daiteke bigarren adibide bat.
Euskarak milaka plaza bereganatu ditu azken 40 urteetan. Eskolaren bidez eta Dragoi Bola eta Shin Chanen bidez euskaldun belaunaldi berriak jaio dira, etxetik euskaldun diren horiei euskara etxetik ateratzen laguntzen eta beste batzuentzat hzikuntza berri bat ikasteko aukera emanez. Eskolan zein telebistan ergatiboa zuzen entzun dute Euskal Herriko gazteek eta ergatiboaren ez-erabilera ikaskideengandik entzungo zuten gehienez jota. Kobazulo batean literatura zientifikoa irakurtzen aritu den hizkuntzalari bati Euskal Herriko egoera aurkeztuko bagenio, esango luke ez dagoela arrazoirik ergatiboak duen balioa galtzeko.
Kontua da galdu duela. Egia da joera handiagoa dagoela ama hizkuntza gaztelania duten gazteen artean. Agian antzeko joera egon daiteke ere euskara maila ez oso altua izanagatik ere seme-alabei euskaraz hitz egiteko hautua egin duten gurasoen testuinguruetan. Gaztelaniaren eragina ikusiko luke edozein hizkuntzalarik eta ziurrenik arrazoi izango luke. Baina non geratzen da hizkuntza "traketsa" entzunda ere umeek hizkuntza zuzena ikasten dutelako teoria hori?
Beldur naiz egiatzat hartu dugun ideia hori baino indartsuagoa ez den beste oinarri linguistikorik ez dagoen. Beldur naiz ama hizkuntza euskara "ona" duten horien artean ere ez den laster desagertuko. Imitazioz, gazte-hizkuntzan ergatiboaren beharrik ez dutelako ikusten edo ergatiboak egitura berriak euskarara ekartzeko traba egiten dielako. Zer da hain indartsua ezen hiztunek hizkuntzaren arauak urratzen baitituzte komunikazioaren izenean?
Bitartean, ETB 1en ergatiboa gero eta gutxiago entzuten da, telebistan agertzen diren gazteek lotsa arrastorik gabe egiten dute ergatiboarekin nahi dutena -euskahaldundu zaizkigu baina ez espero genuen moduan-, eta gazteek gero eta ergatiborik gabeko erreferente gehiago dituzte eta zaharragoak garenok tristuraz edo begiratzen diogu utzi dugun iraganari eta datorkigun etorkizunari. Ergatiboarekin akatsik ez egiteko, naufrago batek esango lukeen bezala, ergatiboaren desagerpen honetan "sabitzen digu la boca a sal".