Galdera al da gakoa?

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2023ko urt. 29a, 19:13

ChatGPT moduko tresnak benetan erabilgarri izateko gakoa aurkitu behar dugu

Ez dakit inoiz kontatu dizuedan, baina hizkuntzaren prozesamenduan egiten dut lan duela 10 urte. Hizkuntzalaria naiz eta nire lana, labur esanda, "ordenagailuei euskara irakastea" da. Pertsonen eta makinen arteko hitzezko interakzioa da nire lan arloa, beraz.

Ez, ez dugu ChatGPT "adimen artifizial" delako hori guk garatu. Guk bai nahi! Baina luze hitz egin dugu tresnari buruz. Probak egin ditugu, iritziak irakurri ditugu eta lana errazteko potentzialaz eztabaidatu dugu. Zuek ere probatu al duzue? Zer iruditu zaizue?

Kazetariek, izenburu erakargarriak lortzeko asmoz, ChatGPTk hainbat langile langabezira bidaliko dituela, eskola-sistema osoa berreraiki behar dela edota erroboten inbasioa berandu baino lehen gertatuko dela idatzi dute. Interneteko espabilaturen batek ere ChatGPTrekin dirutza irabazi duela dio. Ba azal diezagutela nola, mesedez. Nik probatu dudan bakoitzean, nahiko ataza errazak eskatuz, nahiko emaitza txarrak lortu ditut. Ingeles zuzen eta jatorrenean, baina eduki aldetik erantzun eskasak ematen ditu. Lasai, apokalipsiak itxaron beharko du.

Nire esperientzia hizkuntzaren prozesamenduaren arloan lanean ari direnen beste ikerlari batzuen esperientziekin bat doa. Horregatik, ni txunditu, harritu eta liluratu egiten naiz jendeak tresnari hainbesteko etekina ateratzen dionean. Zer egin dute? Nola? Zein da gakoa?

Galderak izan behar du gakoa. Egon behar da modu bat zehazki lortu nahi dena lortzeko. Nik agina ez dut lortu eta praktikatu eta praktikatu egin beharko dut. Edo gakoa beste bat da: erantzuna beti edo ia beti txarra, eskasa edo zorte handia izanez gero ñeeeeee onargarria izango dela. Agian ezin diogu perfekziorik eskatu.

Eta horrek ekarriko du benetako hondamendia. Jendeak egia berdaderotzat hartuko ditu makinak esandakoak eta kriteriorik gabeko loroek bezala errepikatuko dituzte akatsak. Testu oker horiek internetetik zabalduko dituzte, testuak ChatGPT entrenatzeko erabiliko dira eta are eta konfiantza handiagoz esango ditu esaten dituen astakeriak. Honen aurrean ez al zaizkizue kazetarien izenburu horietako arazoak huskeria iruditzen?

Hamar urte barru artikulu hau irakurtzera etorriko naiz. Ea zerbait aldatu den ordurako.

Bitartean, otsaileko ekarpenean "adimen artifizialaren" kakotxei buruz hitz egingo dizuet.