Azken asteetan hautsak harrotu ditu Saudi Arabiako unibertsitateetatik dirutza kobratzen zuten ikertzaileen kontuak. Dirudienez, Shanghaiko unibertsitateen rankingean gora egiteko modu bat puntako ikertzaileak izatea da eta ikertzaile hauei dirutza eskaintzen zieten Saudi Arabiako unibertsitateetako irakasle plantak egiteagatik. Saudi Arabiako unibertsitateek Shanghaiko rankingean gora egiten zuten eta ikertzaileek soldata bikoizten zuten.
Ez da negozio bereziki elegantea. Etikoa den ez dakit. Legala agian bada. Lotsagarria dena orain arte inork ezer esan ez izana da. Egunkari batek azaleratu behar izan du kontua unibertsitate batzuek ikertzaile ospetsu horiei dimisioa ematea eskatzeko. Ez dituzte bota, ez, Saudi Arabiako unibertsitatean dimisioa eman eta ezer gertatu ez balitz bezala jarraitu dute ikertzaileek eta unibertsitateek.
Ikertzaile horietako batzuek urtean 100 artikulu kaleratzen zituzten, hiru egunean bat, astean bi. Ez da posible kalitate oneko hainbeste artikulu idaztea puntako aldizkarietan. Imajinatu dezaket bere izena jartzen zutela besteen lanetan artikulua irakurri gabe ere, baina hala eta guztiz ere artikulu gehiegi dira. Zenbat "kolaboratzaile" behar dira urtean 100 artikulu publikatzeko? Ez dakit. Beste batean hitz egingo dugu lan zientifikoen publikazioaz eta argitaletxe zientifikoen munduaz.
Hala ere, Espainiako unibertsitateetan jakin behar zuten hori gertatzen zela. Sinestezina da hain entzute handiko ikerlariak izatea langile gisa eta horien nondik norakoak ez ezagutzea. Bulegoan, departamentuan, fakultatean denek ezagutu behar zuten kontua edo behintzat susmatu. Baina benetako eragina izan zezakeen inork ez du ezer egin.
Orain denok diogu bidegabekeria dela, unibertsitate sistema ustelduta dagoela (honengatik bakarrik balitz!) eta zientziak horrela zilegitasuna galtzen duela, baina hau lehenago geldi zitekeen. Gelditzeko beharrik balego. Ez gaizki ulertu, ez nator bat, baina ez dakit legez kanpokoa den ere. Kasu batzuetan ikertzaileok esklusibotasuna dugu gure unibertsitatearekin, baina ez dakit beti den horrela. Ez dakit ezta legez kanpokoa den lan beragatik birritan kobratzea. Eta Saudi Arabiako diruari dagozkion zergak ordaintzen badituzte debekatu dakieke kobratzea?
Niri ez didate deitu oraindik eta ez dut deitu dioten inor ezagutzen ezta. Ez dakit hau seinale ona edo txarra den...
Artikulu hau osatzen duen irudia Stable Diffusion irudi sortzaile automatikoak egin du eta "A researcher accepting money in a university" promptarekin sortu da.