Igande honetan herri hauteskundeak ditugu eta bilbotarrok alkatea aukeratuko dugu. Aukeratu nahi duzuena, zutabe hau ez da inoren alde edo aurka egiteko. Tira, agian bai, zutabe honetan Bilbo bizikleta hiria bihurtuko duenaren alde egingo dut.
Bilbo ez da bizikletaz ibiltzeko erosoa, ez da inoiz horretarako borondaterik egon. Urte askoan bidegorriak isolatuta zeuden eta ez zegoen batetik bestera era erosoan pasatzeko modurik askotan. Orain, 30 km/h hiriaren aitzakiarekin kale askotan bizikleten ikurra marraztu dute, baina bizikletan gabiltzanok era seguruan ibili nahi dugu eta hori ez da nahikoa. Europako hainbat adituk diotenez, beharrezkoa da autoen pasabideetatik isolatutako bideak eraikitzea txirrindulariok seguru ibiliko bagara. Paris bezalako hirietan aurrerapen handia egin dute inbertsio txikia eginda, Bilbon errepideetako margoa ez dute era egokienean erabili.
Bidegorriekin jarraituz, oso gutxi erabiltzen direlako tankera hartzen diet. Asteburuetan baten bat animatzen da bueltatxo bat ematen, baina lanerako eta abar ezin esan daiteke jende askok erabiltzen dituenik. Eguraldia ez da aitzakia, Donostian are euri gehiago egiten du eta kaleak eta bidegorriak bizikletaz beteta daude. Agian Bilboko bidegorriak ez direlako bereziki praktikoak da. Agian garraio publikoa Donostiakoa baino hobea da (bada).
Baten batek esango du Bilbobizik ondo funtzionatzen duela, beste batzuek zerbitzua ez dagoela nork erabili. Nik zerbitzua dagoenik ere ez dut gogoan izaten normalean. Hori ez da bizikletan ibiltzeko modua. Tamalez, askorentzat daukaten aukera bakarra da.
Ez da bilbotarrek ez dutelako norbere bizikleta izateko aukerarik, norbere bizikleta izatea askorentzat oso deserosoa delako baizik. Bilbon ez da jende gehiago bizikletan ibiltzen ez euriagatik, ez bidegorri faltagatik (hauek eragina izan badezakete ere). Bilbon jendea ez da bizikletan ibiltzen ez duelako non utzi. Agian gure agintariek ganbara eder bat dute haien etxeetan, baina jende gehienak ez du, eta badu, gauzaz beteta du. Kalean, ordea, ez dago bizikleta nora lotu.
Hala da, bai, Bilboko bizikleten arazoaren nire diagnostikoa ez dago mugitzen diren denborarekin lotua, geldirik dauden denborarekin baizik. Bizikletan ibiltzea erosoa izango da, bizikleta etxe azpian eta gero bulego azpian izango badugu. Gaur egun bizikleta uzteko helduleku gutxi dago hirian zehar. Badago baten bat polikiroldegien aurrean edota eraikin publikoen aurrean, baina bilbotar gehienek etxetik edo lantokitik 100 metrora (edo gehiagora!) dute bizikleta uzteko lekurik hurbilena.
Hautagaien batek interesik balu, nire botoa (Bilbon emango dudan azkena!) bizikleta aparkaleku gehien jartzen dituenari emango diot; bizikletarekin ez dut garraio publikoaren ordutegia begiratu behar eta gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko irrikitan nago.
*Zutabe honekin doan argazkia Stable Diffusionek egin du.