Bero dator ikasturtea. Bero dator, gaur arte udaako eguraldi itogarria izan dugulako ez bazegokigun ere. Bero dator, EHUko irakasle-ikertzaileak, anbulantzietako langileak eta laster sektore publiko osoa grebara joan delako urteetako murrizketak eta bizi- eta lan-kalitatearen okerragotzea salatzeko. Bero dator, nazioartean orain arte irakiten egon diren presio-eltzeek eztanda egin dutelako. Uste dut 2023 hau "normaltasun zaharraren" azken urte gisa gogoratuko dugula.
Mundua aldatzen ari da eta bere horretan mantentzen eta bere botere eta hegemonia mantentzen saiatu diren horiek dagoeneko ez dute behar besteko indar. Hain kaka-bola handia egin dute ezen dagoeneko ez baitzaie sartzen alfonbrapean. Boterearen carpe diem, estutu gaur apur bat gehiago, bihar ikusiko dugu zer egin. Baina ez litzateke hobe apur bat gutxiago estutzea eta luzarorago mantentzea statu quo hau? Ez, nik gaur bertan behar dut zukutu dezakedan apur hori gehiago, biharko eguna heltzean ikusiko dugu gauzak nola konpondu; nola konponduko dizkiguzuen, esan nahi dut.
Ez dakit nola amaituko den Ukrainako gerra, amaituko bada. Ez dakit zenbat herrialde afrikar altxatuko diren Europaren kolonialismo ekonomikoaren aurka, ezta zenbatek hartuko duen besoak zabalik Txina eta Indiako kolonialismo ekonomikoa. Ez dakit nola amaituko den Palestina eta Israelen arteko gerra, ezta inguruko zenbat herrialderi eragingo dion. Kasu honetan dakidan gauza bakarra da, zer gerta, Israelek Palestinan koloniak baimentzen eta sustatzen jarraituko duela. Ez dakit zer toki izango duen Europak mundu-ordena berrian, baina susmoa dut ia 80 urteko autokonplazentziak nahiko abiapuntu kaskarrean utzi duela datozkion erronkentzat. Gauza bera Jaurlaritzarentzat eta orokorrean Euskal Herriko administraio publikoentzat; luzaro doaz babak lapikoan irakiten, hasi da lurrina indarrez ateratzen, baina sua itzali ezean gure eltze honek ere eztanda egingo du eta, momentua heltzeko, munduak beste lehentasun batzuk izango ditu eta guri ez digu inork jaramonik egingo. Eta indabak erreta, eta jan ezinik, gose izango gara.