Palestinarrei 4 eguneko "atsedena" eman diete. Imajinatzen dut inurritegia izango dela Gaza egun hauetan, 96 ordu baino ez baitituzte etortzekoa zaien oldarraldirako prest egoteko. Palestinarren aurkako genozidioa ez da amaitu eta zaila da jakiten noiz amaituko den. Are zailagoa iruditzen zait, gainera, inoiz amaitzekotan zer egoera geopolitiko izango den Ekialde hurbilean; zeren gainean eraikiko den etorkizuna.
Argentinan, ordea, orain hasiko omen da aro berri bat. Ez dut uste bonba bat bera ere lehertuko denik, baina berdin suntsituko da herrialde bat. Ekonomiarentzako ideia aldrebes eta suntsitzaileak alde batera utzita, zer etorkizun du hezkuntza sistema publiko sendorik ez duen herriak?Agian ez die axolako, hezkuntza ez baita derrigorrezkoa izango eta behin ibiltzen jakinda haurrek lanean hasi beharko dutelako, inflazioari aurre egin ezinik, oinarrizko elikagaiak eskuratzeko estuasunak kausa. Giza-organoen salmenta legeztatuz gero, nor ibiliko da lasai Argentinako kaleetatik jakinda bahitu, barruak hustu eta zatika salduko dutela jakitean? Ez dakit Mileik zenbat iraungo duen karguan ezta promes egindakoetatik zenbat beteko dituen azkenean. Bere aroa amaitzen bada, zer Argentina geratuko da? Nondik hasi beharko da berreraikuntza?
Errusiak azken ofentsiba bat ere egin du Ukranian, baina Putin bera ere nekatu da gatazka horretaz dagoeneko. Ez dut uste goizegi denik esateko Ukranian ez dela irabazlerik egon. Agian gerra hau asperduraren asperduraz amaituko da, isilean, ospakizun handirik gabe. Orduan, gerra amaitu dela konbentzituko direnean, herrialdea berreraikitzen hasiko dira. Zeri emango diote lehentasuna? Nola berreraikitzen da herri bat bakea badu helburu?
Gazarrek badakite ez dutela nora joan, argentinarrek ahal dutela ihes egingo dute, Ukraniar askok bizitza beste nonbait berreraiki dute eta sudandarrek ez dakite nora joan. Sudan edo Hego Sudan, berdin dio, hor ez dago gelditzeko modurik. Birritan, hirutan eta lautan desplazatu dira sudandar asko errefuxiatu-zelaitik errefuxiatu-zelaira eta guztietatik joan dira bizi-baldintza jasanezinengatik. Agian badute gurdi bat, badute astoa, baina ezin dira inora joan, Sudanen eta Hego Sudanen ez baitago ezer. Zer eraiki ezerezetik ezerezaz?
Bakean bizi garenoi iruditzen zaigu horrelakoak urrun geratzen direla eta gugan eragin txikia izango dutela, nahiz eta erosketa egitean kipula kiloak 2 euro baino gehiago balio izan. Presio-eltzez bete zaigu sukaldea. Banan bana lehertzen hasten direnean, lehenak gaizki kokatuta zeuden sukalde-tresnak botako dizkigu, bigarrenak bitrozeramika arrakalatuko digu, hirugarrenak armairuetako apalak (eta gainean dutena) botako dizkigu eta azkenak, azulejoak puskatu, ur-hodiak lehertarazi, instalazio elektrikoan zirkuitu laburra sortu eta sukalderik ez bagenu bezala utziko gaitu. Ez da erraza lapikoak sutetik kentzea ez eta suak itzaltzea, baina erredura txikiren bat hartuko badugu ere, komeni da ausart jokatzea etorkizunean ere mantenduko gaituen jana prestatzen jarraitu nahi badugu.