Urte berri oso bat dugu aurretik eta batek daki zer dakarkigun. Abenduan ikusiko dugu 2024a urte ona edo txarra izango den. Saia gaitezen urtebete barruko Bilbo imajinatzen:
- Lehendakari Agirre kalean zuhaitz berriak jarriko dituzte, baina argal-argalak izanik udazkeneko ekaitz gogor batek erdia botako du.
- Jai masiboak izango ditugu Bilboko auzoetan, agenda beteak eta gogoratuko ditugun kontzertuak. Hala ere, hainbat auzotan gogoeta abiatuko da: nola heldu barrara txosnagunea lehertzear dagoenean?
- Turismoak gora egingo du, martxotik hasi eta urrira arte Bilbo turistaz lepo egongo da. Tarte berean bilbotarrok gure mendizaletasuna indartuko dugu halabeharrez, hirian ez dugu lekurik izango.
- Bizikleten lapurketek gora egingo dute, baina ez bizikletaren erabilera bezain beste. Hori bai, oraindik ez dugu jakingo non aparkatu eta posibleago izango da udaltzainek bizikleta eramatea beste norbaitek lapurtzea baino.
- Kultura espazio berriak sortuko dira, bilbotarron sormenak eta arteekiko maitasunak gainezka egiten baitu. Adi Instagrami, gazteak animoso datoz eta!
- Garraio publikoan ibiltzeko dirulaguntzak amaituko dira (hau jakina da) eta hiriko garraio publikoko prezioak igotzeko aprobetxatuko dute. Eskerrak ordurako mendian sendotutako hankak eta trastelekutik ateratako bizikleta prest izango ditugun.
- Betiko taberna baten batek ateak itxiko ditu, batzuk auzoetako gazteek hartuko dituzte, beste batzuk enpanadilla argentinar denda edo smash burger American dinner & co. bihurtuko dira. Zorte on kanpoko lankideak eguneko menua bazkaltzera eraman behar izanez gero.
- Deustualdeko biztanleek marka hobetuko dute Hiri eta Herri Krossetan, Deustuko erriberako kale huts eta zabaletatik entrenatu ahal izango dutelako. Baten batek pasaportea hartu eta Behobia-Donostia lasterketan ere parte hartuko du.
Ez dakit asmatu nahi dudan. Abenduan itzuliko naiz hona eta espero pentsatzea ez nintzela aski optimista izan.
*David de la Iglesia Villarren argazkia.