Gaurko gizarteaz eta etorkizuneko gizarteaz askotan egiten diogu galde gure buruari. Jendearen jarreren arrazoiak bilatzen ditugu eta jende multzoen garapena aztertzen dugu. Hala ere, esango nuke lehen aldia dela fenomeno honi buruz prentsan hitz egiten dela: zer demonio du buruan jendeak kontzertu baterako sarrera data baino urtebete lehenago erosteko?
Ez dakit noiztik ez naizen sarrera behar duen kontzertu batera joan. Ez sarrera ordaintzeko arazorik dudalako, baizik eta erostera noanerako sarrera guztiak saldu direlako. Ez da sarrerak takillan erostearekin tematzen naizelako, jakin badakidalako, % 99,9ko aukera dagoela kontzertuaren egunean sarrerarik ez egoteko. Baina Radio 3en baino entzuten ez den musikari edo talde baten kontzerturako sarrerak nola amaitu daitezke iragarri eta berehala?
Nola heldu gara kontzertu bat agendan urtebeteko aurrerapenaz apuntatzeko unera? Zer histeria modu sartu zaio jendeari? FOMO? Gauzak erostera garamatzan kapitalismoa? Zientziak azaldu al du fenomeno hau? Sintoma ala kausa da? Grabea da?
Ni ez nago prest hain epe luzerako planak egiteko. Egin nitzake. Sarrera eros nezake eta ziurrenik, % 99,99ko probabilitateaz, kontzertura joango nintzateke; ez da nire bizitza bereziki gorabeheratsua. Normaltzen ari garen jokamoldeak jokoz kanpo uzten nau, ordea.
Inprobisatzeko gaitasuna galtzen ari garelako sentipena datorkit. Ez dakit den gauza gehiegi egin nahi ditugulako eta, ondorioz, disziplina zorrotzez antolatu behar dugulako denbora edo jendeak segurtasuna edonon bilatzen duen. Agian pandemiaren ondorioa da. Hor ikasi genuen zerbait egin nahi izanez gero egin behar dela, sekula ez baita jakiten ondorengo astean etxean itxiko gaituzten. Imajinatzen dut jendea badaezpada bidaiatzen ari dela eta horregatik egin duela turismoak gora, jendea badaezpada kontzertuetarako sarrera erosten ari dela musikari kutun horiek Bilbora inoiz itzuli ezean, haiek kontzertu hori zerrendatik tatxatu ahal izateko, jendea inoiz baino gehiago ari dela jatetxeetara joaten hurrengo pandemian uneoro etxeko janaria jateko beldurrez.
Hemen amaitzen dut nire gizarte-psikologo eta soziologoentzako deia, fenomeno hau aztertzea eta kalteak gutxitzeko protokoloa martxan jartzea ezinbestekoa da.
*Irudia Microsoften adimen artifizialak sortu du "a small indie concert in Bilbao" marrazteko eskatuta.