Martxoaren 6an Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileok greba eguna deitu dugu gure egoera salatzeko. Urrian 400 eta 800 euro arteko soldatak eskuratzen dituzten ordezko prekarioak babesteko atera ginen kalera eta urrian eta abenduan gure ahotsa sektore publikoko beste langileenari batu genion beste bi grebatan.
Oraingoan fokoa EHUren ardatz diren irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren kalitatearen pobretzean jarri nahi dugu. Ez da soilik EHUk alde bakarretik indarrean zeuden erretiro akordioak bertan behera utzi dituela, postdoc "junior" figura lotsagarria asmatu zuela edota lanaldi osoan ari diren ordezkoei lanaldi partzialeko soldatak ordaintzean tematzen dela. Halako baldintzetan ez dago talenturik erakartzerik eta langile asko bidean geratu eta beste norabait doaz lan baldintza hobeen bila. EHU ez da erakargarria lanerako, eta gero eta erakargarritasun gutxiago du ikasteko irakasleak falta baitira eta irakaskuntzaren kalitatea mantentzeko lan-karga jasanezina duten langileek hartu behar baitute hutsuneak betetzearen zama.
Euskal Herriko Unibertsitatea azpifinantzatuta dago, hori da kontua. Egun barne produktu gordinaren % 0,4a baino ez du jasotzen eta portzentaia hau txikitu baino ez da egiten urtetik urtera. Hala, EHUko langileek % 20ko erosahalmena galdu dute azken 10 urteetan, lan-sari osagarriak ez dira 2006tik eguneratu eta ezagunak dira eraikinetako berogailuaren ordutegien mozketak eta derrigorrezko itxierak. Eskala txikiagoan, ikertzaileek beren lana egiteko behar dituzten baliabideak ez dira beti sasoiz heltzen eta bada ordenagailu baten zain hilabeteak daramatzanik ere.
Unibertsitateen azken lege organikoa (USLO) betetzeko erkidegoek unibertsitate publikoei BPGaren % 1a bideratu beharko diete datozen hamar urteetan. Ez dirudi Eusko Jaurlaritzak agindu hau betetzeko asmo handirik duenik. Egoera, ordea, laster egingo da jasanezina.
Arlo ekonomikoa ez da greba honetan azalarazi nahi dugun bakarra. Badago gauza bat urtez urte txikitu ordez azkar hazi dena: burokrazia. Irakasle eta ikertzaileei gero eta kudeaketa-lan handiagoa eskatzen zaie, nahiz eta lan hori inon ez aitortu eta, lanaldi partzialeko ordezkoen kasuan, ezta ordaindu ere. Digitalizazio traketsak, administrazioko langileen faltak eta ibilbide akademikoan aurrera egiteko ebaluazioen konplexutasunak irakasle eta ikertzaileen bizitzaren zati handiegia hartzen du irakaskuntzaren eta gehien bat gizartearen onurarako den ikerkuntzaren kaltetan.
Hala ere, badago borrokari esperantzaz heltzeko arrazoirik ere. Udazkeneko grebek euskal langileen soldatak Euskal Herrian erabakitzeko bidea urratu dute eta EHUko plantilla beharrizan errealen arabera handitzeko erreposizio tasak bertan behera utziko direla esan da. Horiek berandu baino lehen gauzatu daitezen eta beste aldarrikapen guztiak agendan sar daitezen joan gara grebara.
Ez da bide samurra izan eta oraindik ere asko dago egiteko, baina EHUko irakasle eta ikertzaileak elkarrekin eta norabide berean bultzaka agertzea beste aukerarik ez dugu. Besteoi, barkatu, zuenganako arreta hobetzeko ari gara greban.
*ELA sindikatuak lagatako irudia.