Testu hau idazten ari naizen unean Imanol Pradalesi piperbeltz esprai baten bidez eraso egin diotela esaten ari dira albistegian. Hamaika ikusteko jaio gara. Ez politikari bati eraso egitea gauza sinestezina delako, baizik eta eraso horiek non, noiz eta nola gertatuko diren aurreikustea ia ezinezkoa delako.
Zientzia-fikzioko hainbat filmetan etorkizuna aurreikusten duten gailuak eta tramankuluak agertzen dira. Esaterako, Minority Report filman piszina batean dauden hiru izakik etorkizunean gertatuko diren delituak aurreikusten dituzte eta gaizkileak delitua egin baino lehen atxilotzen dituzte. Nahiko egoera beldurgarria delako sentsazioa uzten dute eszena horiek nahi gabe edo kontziente izan gabe kaltea egin dezaketenak ere baitira etorkizun distopiko horretan atxilogarri. Hala ere, beste kasu batzuetan aurreikuspenak zinez baliagarriak dira; erosoa da aterkia hartu behar den ala ez etxetik atera baino lehen jakitea.
Batzuek leihotik begira dakite zer eguraldi egingo duen eta beste batzuek milioka daturekin entrenatutako ereduengan jartzen dute konfiantza. Lehenek beren esperientziaren bidez jasotako datuekin entrenatzen dute norbere adimen naturaleko eredua eta besteek adimen artifizialeko eredu baten esku uzten dute aurreikuspena. Biak ala biak ibiltzen dira antzera, benetan erabakiak hartzeko mekanismo zehatza zein den ez badakigu ere, eta alderik handiena datuen kantitaean datza.
Hauteskunde kanpainian murgilduta gauden honetan zaila da jakitea nor aterako den garaile eta datozen lau urteak nola igaroko ditugun. Adimen naturalaren bidez soilik joera orokorren batzuk baino ezin ditugu imajinatu eta, ondorioz adimen artifizialari galdetzea deliberatu dut datu kopuru erraldoiak Euskal Autonomia Erkidegoaren etorkizuna argitzen lagunduko didan ikusteko. Zehazki Reka Core eredurari galdetu diot, GPT4 eta Claude3 entzutetsuen maila omen du eta euskarazko datu andana ikusi ditu entrenamenduan. Akatsak akats, eta etorkizuneko gertaera zehatzik aipatzen ausartu ez bada ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren datozen urteetako bilakaera politikoari buruz galdetzean honako bost ideiak bota dizkit:
- Autonomia estatutuak zabaltzen jarraituko du.
- EAJk beste partiduen lehiakortasun handiagoa jasango du.
- Espainiako klima politikoak eta EAEko egoera ekonomikoak baldintzatuko dute independentziari buruzko debatearen intentsitatea.
- Manufaktura-industria aurreratuan, berrikuntzan eta teknologian inbertitzen jarraituko da, erronka demografikoari eta klima aldaketari ere aurre eginez.
- Euskal kultura babesten eta sustatzen jarraituko da berdintasun eza, inmigrazioa eta gizarte-kohesioa kontuan hartzen diren bitartean.
Bistan da Reka Corek badakiela Euskal Autonomia Erkidegoaren ezaugarri nagusiak zein diren eta aurreko datuetan oinarrituta arrazoitzeko gai dela. Ez dago gaizki, baina ez dakit gure jakin-nahia asetu duen. Ez dakigu igandean nork irabaziko duen ezta gutunazala zelakoan NANa hautestontzian zenbatek sartuko duen. Agian hobe da hala, sorpresak noizbehinka atseginak baitira.
*Irudia Bing Image Creatorren bidez egin dut "an android counting ballots from ballot box in the Basque Country" eskaera eginda.