Euskara hizkuntza garbia da

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2024ko mai. 7a, 20:03

Baditu biraoak, baina beste hizkuntza batzuetan arazo diren clickbait eta kalitate baxuko albisterik ez.

Euskara hzikuntza garbia delako cliché edo topikoa gaitzestera arte entzun dugu. Biraorik ez zuela eta, zerbait falta zuen bigarren mailako hizkuntza zela irudituko zitzaion baten bati ere. Biraoak asmatzea zen konponbidea eta ez dakit oso fin ibili garen, baina horretan denbora luzea inbertitzerik ere ez genuen. Biraoak argentinarrez botatzen ez badira, hobe isilik geratzea.

Hala ere, denborak erakutsi du euskara hizkuntza zinez garbia dela eta beste hizkuntzetako testuek pairatzen duten aje handienetako bat ia ezinezkoa dela euskaraz ikustea. Hain zuzen ere, euskaraz ez dugu clickbait albisterik eta ia ezinezkoa da informazio faltsua edo ez-fidagarria zabaltzen duten iturri digitalak aurkitzea. Ez dut azterketa sakonik egin, baina euskaraz sarean irakurtzen dugunak badu egia izateko probabilitate altua. Euskara garbia euskaldun zintzoek egina.

Arrazoi nagusia euskaldunon zintzotasuna dela zalantzan jarri gabe (hartu hau umorez eta ironia puntu batez), bigarren arrazoia euskararen balio ekonomiko urria delako susmoa pizten zait. Clickbait albisteak edo zalantzazko informazioa zabaltzen dituzten iturrien helburua interneteko trafikoa artifizialki moldatzea da. Ikusiko zenuten horrelako izenburu batean klik eginez gero, albistea bera testu hutsalez betea dagoela eta ehunka hitzen artean agertzen dela interes apur bat duen esaldi bakarra. Bitartean, orrian beherantz joan heinean, testuaren alde guztietan: ezkerrean, eskuinean, kasurik deitoragarrienetan gainean, iragarkiak eta iragarkiak agertu dira.

Euskarazko webguneetan cookieak onartuz gero, ez dago irakurketan traba egingo digun beste ezer eta ziurrenik azkar aurkituko dugu bilatzen genuen informazioa. Esan bezala, euskara hizkuntza garbia da, baina internet zaborrez betetzea behar izan dugu horretaz konturatzeko.

 

* Artikulu honi lotutako irudia Copilotek egin du "A person really happy reading a website called Uriola" instrukzioa emanda.