Uda flojo joan da, ezta? Udaren lehen asteetan uste izan nuen eguraldiaren kontua izan zela. Gogoan al duzue uztailaren 25ean oraindik neguko jantziak generamatzala? Urte on batean maiatzean hasten naiz praka laburrak erabiltzen eta urte ez hain onetan ekainean janzten hastea espero izaten dut, baina aurtengoa bereziki uda hotz eta euritsua iruditu zait. Iruditu zaigu. ETBko eguraldiko grafikoek kontrakoa esan arren eta mundu mailan historiako udarik beroena igaro arren.
Kontua da nahiko abuztu ona egin digula. Abuztu erdialdean gogoeta egiteko minutu parea hartu nuen eta hondartzara dezentetan joan nintzela konturatu nintzen. Hau da, hain eguraldi txarrik ere ez du egin, baina udari indarra falta izan zaiolako irudipen hori ez da joan. Egia da benetako oporraldirik gabeko uda igaro dudala, estresa gainetik kentzeko nahiko lan izan dudala. Nire buruari leporatzen nion udarekiko ikuspuntu pesimista hori, baina han hemenka pertzepzio bera zutenen iritziak entzun ditut. Ez banaiz ni, orokorra bada, eguraldia ez bada, zer da?
Zer da uda sosongoa izan dugulako ideia eragin diguna? Zer izan zuen aurreko udak honek ez duena? Ekonomikoki hobeto gabiltzala diote, covidak eragindako pandemia ahaztu dugu, abuztuan eguraldi ona egin du... eta hala eta guztiz ere uda erdizka bizi izan dugu. Ideia horrekin bat datoz hotelen datuak eta Bilboko Aste Nagusian bizitako sentipenak. Hotelak eta jatetxeak hutsago egon omen dira, prezioen gorakadak eta hanburgesa gourmeten inbasioak erraz asko azaltzen badute ere fenomenoa. Aste Nagusian, nahiz eta konpartsek egundoko egitaraua antolatu, askoz ere jende gutxiago ibili da kaletik. Eguneko planek gora egin omen dute, baina gauetan arimarik ere ez da egon igandetik asteazkenera. Ni zahartu naiz eta dagoeneko ezin dut "bederatzitik bederatzi" egin, baina gazteek zer?
Parrandazaleok belaunaldi-erreleborik ez dugula izango eta bizimodua apurka-apurka aldatzen ari dela aspaldi hasi ginen barneratzen, baina uda kaskarra izan delako sentsazio hau ezin da errepikatu. Gatiburi zor diogu euritan dantzan egitea eta gabak zerueri begire pasatzea.