Iazko uda kongresu zientifiko bat antolatzen igaro nuen. Hasieran 175 parte-hartzaile izango zituen eta Bilbon egingo zen. Gerora 220 pertsonako aurreikuspena egin zen eta azkenik 250etik gora izango garela dirudi. Izango garela diot datorren astean ospatuko delako. Eta Bartzelonan ospatuko da Bilboko hoteletan 2024ko urria sasoi altua izango zela aurreikusten zutelako eta prezio merkerik eskaini ezin izan zigutelako (hotel batzuetan eskaintza ona egin ziguten, baina ezin 250ak bertan hartu; izan bedi kontuan hotel batzuek aurreikuspen errealistak egiten dakitela).
Eta orain urria heldu da eta nire buruari galdetzen diot espero bezain oparo eta emankorra izaten ari den. Ez du iaz bezain eguraldi onik egin irailean. Orokorrean uda iazkoa baino lasaiagoa izan da eta ez dirudi kaleak bereziki bizi daudenik. Egia da kaleak bilbotarrez beteak daudela, terrazak beteta daudela, euri dezente egin badu ere. Baina ikusi al duzue kanpotar kopuru nabarmenik inguruan?
Santiago bidea, bai, Santiago bidea borborka dabil urria bada ere, baina erromesak ez dira hoteletan sarri geratzekoak. Telefonoz bi izarreko hoteleko gela 160 euroan eskaintzen zidan horri damutuko al zitzaion?
Hamabost hilabete inguru igaro ditut aurreikuspenari bueltak ematen. Hain aurreikusteko zaila iruditzen zait hotel baten betetze tasa, ezen noizbehinka kontuarekin gogoratzen nintzen eta urria heltzean konprobatuko nuela esaten nion nire buruari. Bilbo modan dago, zalantzarik gabe, baina prezio altuak ordaintzeko beste?
Aste batzuk barru jakingo dugu udazkena nola joan den. Tabernek autentikotasuna eta arrazoizko prezioak mantentzen dituzten bitartean, Zazpi Kaleetan bizilagunentzako komertzio eta zerbitzuak bermatzen diren bitartean eta paseoan ateratzea jende olde batean mugitzea bihurtzen ez den bitartean, datozela turistak lizentziadun eta horretarako sortu ziren hoteletara!