Asko hitz egiten ari naiz udaz azken boladan, baina ezin bestela egin. Egun hauetako eguraldi hotz eta euritsuak negua hemen dela gogorarazi nahi badigute ere, duela 4 eguneko gertakari batek uda ekarri dit gogora.
Igande gauean, Garbera merkatal zentroan lapurreta egin ondoren autoan ihesian zihoan lapur banda baten atzetik atera ziren hainbat ertzain auto. Badirudi lortu zutela Madril inguruko lapur banda atxilotzea, baina zer preziotan? Oraingoan ertzain bat larri zauritua dago eta behintzat ertzain auto bat guztiz suntsituta, ihesean zihoazen lapurrek haren aurka egin baitzuten talka.
Uzataileko gau batean, udan hain zuzen ere, 10 ertzain auto suntsitu ziren (zituzten esan behar egia esan) ihes zihoan beste tipo bat atxilotu nahian. Denok gure zergen bidez ordaintzen genituen 10 auto jokoz kanpo geratu ziren. Iheslariak positibo eman zuen imajina daitezkeen droga guztietan, baina aske utzi zuten atxiloketatik gutxira epaiketaren zain.
Ondorioz, aurten gure polizia autonomiko prestuak kareletik bota ditu ehun milaka euro (ziurrenik alperrik). Kontrola saltatu zuen drogazalea bestela gelditzeko modurik ez al zegoen? Hamar auto birrintzea merezi al zuen? Zilegi al zen aseguru etxe bateko polizak bermatzen dituen produktuengatik agente bat larri zauritzea eta ertzain auto bat (gutxienez) burdin nahas-mahas bihurtzea?
Eta lapurrei merezi al zien aurkako norabideko errailetik gidatzeak eta bizitza arriskatzeak? Zer demonio lapurtu zuten lapurretaren etekina hainbeste babestu nahi izateko?
Norbaitek jar dezala balantza batean erabaki bat hartzea eta kontrako erabakia hartzea eta neurtu dezala erabaki onena zein den. Balantzaren plater bakoitzean zenbateko pisua jarri erabakitzeko, norbaitek egin dezala azpiegituratan eta langiletan inbertitu beharrekoa eta esan diezagula etorkizunean jokatzeko biderik zentzuzkoena zein den.