Ez iezadazu Nostradamus deitu

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2024ko abe. 23a, 11:17

Urte hasieran 2024a nolakoa izango zen irudikatzen saiatu nintzen. Irudimena irudimen eta ametsak amets.

Urte hasieran 2024 amaierako Bilbo nolakoa izango zen irudikatzen saiatu nintzen, baina ez dakit oso fin ibili naizen... Agian banuen nik ere profeziak betetzeko gogorrago lan egitea. Hemen saiakeraren emaitzak:

  • Lehendakari Agirre kalean zuhaitz berriak jarriko dituzte, baina argal-argalak izanik udazkeneko ekaitz gogor batek erdia botako du.
    • Zuhaitz berri argal-argalek sendo eutsi diote udazkenari eta horrek ekarritako ekaitzei. Lehendakari Agirre etorbideko trafiko murriztua izango al da Deustu herri berriaren seinale? 2025erako batuko al dugu Donepetri plaza astebururo?
  • Jai masiboak izango ditugu Bilboko auzoetan, agenda beteak eta gogoratuko ditugun kontzertuak. Hala ere, hainbat auzotan gogoeta abiatuko da: nola heldu barrara txosnagunea lehertzear dagoenean?
    • Aurreko batean esan nuen: jaiak flojo etorri dira aurten eta beste batzuetan baino errazagoa izan da barrara heltzea. Txosnagune ereduaren inguruko gogoeta ez al dugu jende gehiago erakartzeko bidetik bideratu beharko?
  • Turismoak gora egingo du, martxotik hasi eta urrira arte Bilbo turistaz lepo egongo da. Tarte berean bilbotarrok gure mendizaletasuna indartuko dugu halabeharrez, hirian ez dugu lekurik izango.
    • Turismoarentzat urte ona izan da. Izan errukior eta honekin asmatu dudala aitor iezadazue, mesedez. Hala ere, ez gaituzte turistek atera hiritik, zuritoaren prezioa izan da erruduna.
  • Bizikleten lapurketek gora egingo dute, baina ez bizikletaren erabilera bezain beste. Hori bai, oraindik ez dugu jakingo non aparkatu eta posibleago izango da udaltzainek bizikleta eramatea beste norbaitek lapurtzea baino.
    • Eta honekin ere, tamalez, asmatu dut, bete-betean gainera. Oraindik ez dago bizikletentzako heldulekurik Bilbon eta, baten faltan, bi bizikleta lapurtu dizkidate 2024an. Ez naiz optimista 2025erako, nahiz eta udalak bizikletentzako aparkalekuak jarriko dituela esan duen.
  • Kultura espazio berriak sortuko dira, bilbotarron sormenak eta arteekiko maitasunak gainezka egiten baitu. Adi Instagrami, gazteak animoso datoz eta!
    • Ba, oker ez banago, ez da kultura espazio berririk sortu. Hala ere, kulturari dagokionez urte oparoa izan dela iruditu zait. Gazteen kontuan ere, esango nuke ez naizela urrun ibili, musika talde ederrak agertzen ari baitzaizkigu inguruan. Duela asko ez bezala ari gara euskaraz kantatzen orain. Eta kantatzen duen herria ez da inoiz hilko!
  • Garraio publikoan ibiltzeko dirulaguntzak amaituko dira (hau jakina da) eta hiriko garraio publikoko prezioak igotzeko aprobetxatuko dute. Eskerrak ordurako mendian sendotutako hankak eta trastelekutik ateratako bizikleta prest izango ditugun.
    • Beste 6 hilabete luzatuko dira laguntzak, beraz, aurreikuspen honi 6 hilabeteko luzapena esleituko diot. Badirudi etorkizunean 12 urtetik beherako umeek doan bidaiatzen jarraituko dutela. Espero, ordea, ez izatea beste erabiltzaileon pentzudan. Bilboko udalak, bitartean, aprobetxa dezala 6 hilabeteko luzapena bizikleta aparkalekuak jartzeko.
  • Betiko taberna baten batek ateak itxiko ditu, batzuk auzoetako gazteek hartuko dituzte, beste batzuk enpanadilla argentinar denda edo smash burger American dinner & co. bihurtuko dira. Zorte on kanpoko lankideak eguneko menua bazkaltzera eraman behar izanez gero.
    • 17 euroko eguneko menuak eta 15 euroko hanburgesak, horixe ekarri digu 2024ak. Non bazkalduko dugu Bilbon 2025ean?
  • Deustualdeko biztanleek marka hobetuko dute Hiri eta Herri Krossetan, Deustuko erriberako kale huts eta zabaletatik entrenatu ahal izango dutelako. Baten batek pasaportea hartu eta Behobia-Donostia lasterketan ere parte hartuko du.
    • Deustuko erriberako kaleek hutsik jarraitzen dute, erabiltzen al ditu inork entrenatzeko?

Ikusten duzuenez, hobe dut egunerokoan zentratu eta etorkizuna besoak zabalik hartu. Nire esku utziz gero...