Zerbaiten handitasuna distantzia hartuta ikusten da ondoen eta agian testu hau goizegi heldu da Egunean Behinen handitasuna ikustekotan. Gaur hasi da Code Syntaxen galdera-jokoaren 17. denboraldia. Egia da, azken denboraldietan jokalari kopurua pandemia garaiko 100.000 jokalaritik gorako markatik urrun dagoela. Egun horren erdia edo aritzen da euskal tribial honetan.
Denboraldi batean 100.000 pertsonak jokatzea marka da euskarazko joko batentzat. 100.000 pertsonaren engaiamendua asko da euskarazko edozerentzat. Mugikorra erabiltzeko gai diren euskaldunen zer ehuneko dira 100.000 pertsona? Egun 50.000 pertsona inguruk parte hartzea ere ez da ahuntzaren gau erdiko eztula, sei urte baino gehiago baitaramatzagu Egunean Behinen gure lagun, familia eta auzokoekin deman. Fenomeno bat da eta denbora igarota ikusiko dugu zer fenomeno handia zen.
Alde teknikotik ere txalotzekoa da Egunean Behin. Code Syntaxek ia arazorik gabe ematen du eguneroko zerbitzua eta milaka pertsona une berean konektatzeko bidea ere aurkitu du. Azpeitiako lehen final handian egon nintzen. Hor 100 pertsonak hartu genuen parte eta hori izan zen konexio masiboen hazia. Gerora, pandemia bitarte eta EITBren laguntzaz, milaka pertsonarekin batera konektatu ahal izan nintzen final erraldoietara. Euskal Herrian mugikorretik milaka pertsona une berean konektatzeko modua aurkitu du enpresa batek. Hau ere marka!
Adimen artifizialaren interesa ere piztu du Egunean Behinek. Latxa ere Egunean Behinen aritu da eta ez du hain emaitza txarrik lortu. Hala ere, HiTZ zentroarena ez da elkarlan bakarra izan. Egunean Behin presente egon da Korrikaren amaieran, baita Durangoko Azokan ere, besteak beste. Euskaraldia ere denboraldi honetako lehen babeslea da. Egunean Behin atsegina da, Egunean Behinekin elkarlanean aritzea polita da. Urte batzuk barru Egunean Behini diogun karinoaz konturatuko gara.
Egunean Behin gauza handia dela argi dago.