2025a gustatuko litzaidakeen Bilbo imajinatzeari eskainiko diot txoko honetatik. Bizikletak aparkatzeko leku gehiago izango duen hiria nahi dut, badakizue. Ez dirudi, ordea, nire erreguak inork entzun dituenik, ez bada kontzienteki entzungor egin dietela. Beste kontu batzuetan, baina, badirudi Bilbo bide onetik doala, Uriolako azala ikustea besterik ez dago.
Egunkaria zabaldu eta irakasleen borroka, feministen kemena, kulturen aberastasuna eta beste hainbat dira hizpide. Bilbotarrak anitzak dira. Bilbotarrak konprometituak dira. Bilbotarrak mugitzen dira. Bilbotarrek egingo dute amesten dugun Bilbo.
Datozen hilabeteetan ametsetako Bilbo hori irudikatzen saiatuko naiz. Bizikleta aparkaleku praktiko eta estrategikoak dituen Bilbo horretan, ordea, beste hainbat gauza ere imajinatu beharko ditugu bilbotar guztiok nahi dugun Bilbo izan dadin. Bizikleta aparkalekuen aldarria egin eta gero, zeren alde agertuko gara?