Bilboko fauna

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2025ko api. 28a, 08:47

Basque Festen euskal kultura bere lumarik ederrenekin erakusten diogu bisitariari, zooan bezala.

Zer moduz igaro duzue aste santua? Agian zuetako batzuk opor-ingeniaritza egokia eginda ez zarete datorren astelehenera arte lantokian azalduko. Bejondeizuela!

Nik aste santua Piriniotako herri galdu batean igaro dut, beharra eta plazera uztartuz. Ikasten ari naiz eta kontzentratu behar nuen. Egia da, era berean, ganbara batean ere sar nintekeela, baina naturara jo dudala. Zorteduna izan naiz.

Zorteduntzat izango dute haien burua ere aste santuko oporrak Bilbon igaro dituzten turistek. Hain ederra da Bilbo! Hain ondo jaten da Bilbon! Bilbok euria ari duenean erakusten du bere xarma!

Eta Basque Festen enegarren edizioa ere ospatu da aurten. Basque Fest ez zait inoiz bereziki erakargarria iruditu artifizialtzat izan dudalako hasieratik. Arrotz egin zait beti inork espero ez duen lekuan dantzari batzuk ikustea edo aizkolari erakustaldi bat egotea jai edo azoka handiago baten testuingurutik kanpo. Basque Festen barruan antolatzen den azoka gastronomikoa ez dut ezagutzen, baina ez al dago komertzio autentikoagorik piper batzuk edo hegaluzea erosteko?

Basque Fest eskaparate bat da eta eskaparateetan erakusten denaren eta ikusten duenaren artean banaketa bat dago. Kristal bat izaten da dendetan, Basque Festen denbora-espazioaren kurbaketa kapritxoso bat dago: ez dago ez beirarik ez hesirik euskal kulturaren erakustaldiaren eta ikuslearen artean, baina bi mundu dira. Udaleko turismo saila saiatzen da, baina ura eta olioa bezain gutxi nahasten dira biak. Zoo modukoa da Basque Fest eta euskal kultura da lumarik ederrenak aterata bisitariak lilurarazteko pasiatzera ateratzen dugun fauna.

Ez dirudi, ordea, Basque Festen azken edizioa hurbil dagoenik. Urterik urte bere arrakasta ospatzen du administrazioak bilbotarroi Basque Festek bost axola badigu ere. Ez da guretzat eta ez gara gertatzen denaz enteratzen.

Ni orain banoa Bilboko parkeetako zuhaitzetako hostoak ukitzera. Banoa nire hiria erabiltzera, bertatik bertara.