Nahi dugun Bilbo: hor liburutegi batek behar luke

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna

Egin dugu proba Europa Leagueko finalarekin eta orain badugu zertan oinarritu gure iritzia.

Igaro da (zorionez?) Europa Leagueko finala eta orain ebaluazio garaia da. Bada garaia neurtzeko kale mozketek merezi izan duten, Etxebarria eta Ametzolako parkeko zaleen guneek merezi izan duten edo horrelakorik berriro antolatzeko indarrik geratu zaion hiriari.

Horrelakorik berriz antolatzeko indarrik badu Bilbok, hori zenbatetan gertatuko den ere baloratu behar da. Izan daiteke Eurokopa bat, izan daiteke munduko txapelketa bat eta izan daiteke Europa League edo Champions Leagueko beste final bat. Hala ere, zenbat dira horiek zehazki?

Hori galdetzen diot nire buruari ez dakidalako San Mames inguruko hesia hor geratuko den betiko. Estetikoki turismoari kalte egiten diola esango nuke. Asteazkenean 50.000 ingeles etorri ziren, baina urtean zehar egunero ehundaka pertsona datoz Iribarrekin argazkia ateratzera. Susmoa dut 50.000 argazki baino gehiago egiten direla San Mames aurrean urtean zehar.

Bestalde, eta hau da gehien arduratzen nauena, gaur egun hesiaren eta estadioaren artean dagoen basamortu horretan EHUren liburutegia jartzekoak ziren. Kontua prentsan agertu izan denean, ez da lehen orrian agertu eta argi dago udalarentzat gai deserosoa dela. 2012an harrotasunerako gaia zen jakintzaren polo publikoa gaur egun oztopoa da. Gainera, denborak erakutsi du hiriaren erdian espazio zabal bat izatea oso praktikoa dela kirol ekitaldiak, azokak, jaiak eta beste hainbat antolatzeko eta zaila da horri ezetz esatea, ez bada etxegintzan negozio borobila egiteko.

Bilbotarrei galdetuta, ez dakit EHUko kideek soilik erabil dezaketen liburutegi batek merezi dien. Ez dakit liburutegiaren eta final handien antolakuntzak sortzen dituen nahasmenduen artean zer aukeratuko luketen. Susmoa dut, ordea, bilbotarrak nekatu direla dagoeneko alkateak hiria saltzeaz. Ea noiz saltzen digun hiritarroi behintzat.