Bilbotarron erakustoki diren parkeak nahi ditugu

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna

Parke publikoak erabiltzeko eta gozatzeko dira, baina ez digute beti uzten nahiko genukeen etekinik handiena ateratzen.

Aurrekoan Euskadiko Artxibo Historikoak Deustuko parkearen irudi zahar batzuk igo zituen Instagramera. 90ko hamarkadakoak edo izango ziren, hain zuzen ere, nik parkea gehien erabili nuen hamarkada. Gustora gogoratu nituen parkeak zituen elementu bereizgarri horiek, patinaje pistak, garagardotegia, beti hutsik zegoen "kirol" pista hura... Gogoan dut "kirol" pista erraldoia iruditzen zitzaidala patinekin handik ibiltzen nintzenean, baina perspektiba zer den, argazkietan nahiko txikia iruditu zait. Gogoratzen saiatu naiz, baina ez dut argi umeentzako jolasik zegoen ni eskolara hasi baino lehenagoko garaietan. Ume pila bat batzen ginen goizero (gurasotasuna eta familia arteko harremanak desberdinak ziren garai haietan) eta ez dut gogoan zaburik. Gerora bai, gerora "kolunpioak" jarri zituzten La Gabarra sagardotegiaren aurrean eta orain jolasleku estalia ere badu parkeak.

Puntu nostalgikoa garatzeaz gain, hiriko espazio publikoen erabilerari buruzko gogoeta egin nuen. Zer nahi du gure udalak parkeetan egin dezagun? Egungo Deustuko parkeari erreparatuta, udalak nahi du umeek edozein eguraldi dagoela jolastea eta txalotzekoa da, gainera, argi erakusten du bere umeenganako borondatea eta jarrera positiboa urrunetik ikusten diren jolaslekuak jarriz. Aiton-amonez ere gogoratzen da. Haiei ere ariketa fisikoa egiteko tramankuluak jarri dizkie. Hala ere, badirudi, udalaren arabera, zahartzaroan ez dela komeni ariketa fisiko gehiegi egitea: badaezpada euria ari duenean edo eguzkiak gogorregi jotzen duenean ariketa-tresnak ez erabiltzeko moduan utzi ditu udalak, zuhaitz baten gerizpeak ere ez baititu babesten.

Bestelako kirol ekintzak hobe eskina batean eta erdi ezkutuan egitea. Lehengo hockey pista Euskalduna zubiaren azpian sartu zuen udalak. Alde batetik ondo, euria zenean eskina bat baino ez baitzaio blaitzen eta eguzkitik ere erlatiboki babestua baitago, bestetik ez hain egoki, ume, gazte eta heldu kirolariak besteen begi bistatik kentzen dituelako, eredu txarra balira bezala. Saskibaloi saski parea ere badago aldamenean, zubiaren iparraldeko eremu antzu horretan, ez ote garen lagun talde handiak batuko eta fundamentuzko partida bat jokatuko. Kirola bai, baina talde txikitan, gobernuaren aurkako manifestaziorik ez dezagun egin. Korrikalariek nahikoa dute paseoan dabiltzanen artean slaloma egiten eta hemendik erakusten diet nire elkartasun osoa. Patinatzaileak Olabeagako alde hartan trenbidearen ondoko lursail txiki batera eraman zituzten. Ez dakizue zer lekutaz ari naizen? Normala da, Olabeagako skateparka ezkutatzen benetan fin ibili dira.

Garagardotegiaren partez izozki-denda bat dago orain parkean. Ez dago alkoholik, baina talde handietan elkartzeko beste aukera bat galdu dugu. Udalak ekintza indibidualetan ez ote gaitu nahiko? Nahikoa dugu jaietako txosnetan elkartzearekin, eta agian gehiegi ere bada. Behintzat parkea urte osoan zehar erabili dezakegu, Formula 1aren porrotak bakea ekarri zigunetik. Egunen batean horrelakoei buruz ere hitz egin beharko dugu.

Aldaketak aldaketa eta nahiz eta perfektua ez izan, Deustuko parkea babestu eta hobetu beharreko altxor bat da. Lurra oso garesti dago eta etxebizitzak eraikitzeko saltzeak errentagarritasun handia dakar, parke batek, ordea, ez du hainbesteko irabazi ekonomikorik sortzen. Egia esan, azpiegitura publiko guztiak dira zaindu beharrekoak, eskolak, kiroldegiak, osasun-etxeak, liburutegiak... Lurra hartzen dute, lur preziatuena askotan, baina horiek gabe ezin bizi gaitezke eta adi egon behar dugu gizartearen kontrako interesek noiz joko begiz.

Marakanaz ere gogoratu naiz lerro hauek idatzi bitartean. San Ignazio auzoan ez dute Deustukoa bezalako parke eder eta zabal bat denen etxetik bost minutura. Badute/bazuten ordea, futbol zelai bat auzoaren erdiko orube batean. Administrazioak erabaki zuen osasun zentroa handitzeko hartuko zuela eremua. Ez dut uste San Ignaziotarrak anbulategia handitzearen aurka egongo direnik, horrek arretaren hobekuntza badakar bederen. Elkarrekin batzeko esparru baten itxierak baina sutan jarri ditu. Ez da harritzekoa. Kasurik onenean beste kirol azpiegitura ezkutu batekin trukatuko dute Marakana. Argiztatuko al ditugu elkarrekin kontsumorik gabeko kirol ekintza osasuntsuak egiteko eremuetarako bide guztiak?