Bilbo ez dugu salgai nahi

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2025ko ira. 28a, 20:04

Bilbo orduka aloka daitekeen hiria da.

2025ean Espainiako Itzulia berriz igaro da Bilbotik eta sonatua izan da Gazako genozidioaren aurkako protestek Bilbao-Bilbao etapa hura amaierara heldu baino lehen gelditu zutelako. Etapa hura, ordea, ez zen eten zen bakarra: Bilboko kale batzuetako zirkulazioa 24 orduz baino gehiago egon zen moztuta txirrindulariek beren txirrindulari gauzak egin zitzaten.

Biboko bizitza maiatzean ere eten zen Europa Leagueko finalerako. San Mames ingurua 51. area baino babestuago egon zen eta kale asko eta askotan ez zegoen ibiltzerik ere ingeles andana hura zela eta. Etxebarria parkea ere alokatu genien futbolzaleei futbolzaleen gauzak egin zitzaten.

Kontua da Bilbo alokatu eta alokatu baino ez garela ari. Ez bada Tourra, La Vuelta da, eta hainbeste jira eta bira hiriak hankaz gora amaitzen du. Ez naiz Zinemaldiko saio batera ere joan, baina ez dakit jakin nahi dudan Bilbo zenbat filmetan izan den eszenatoki eta dekoratu. Grabaketek dirutza omen dakarte, kamera aurrean daudenez gain kamera atzekoek ere jan behar baitute. Hotelak betetzen dituzte eta desesperatuki bilatzen dituzte langileak sartzeko pisuak (Bilbotarrak sartzeko pisurik sobera bagenu bezala).

Bilbo zirkuitu turistiko internazionalean kokatu nahi omen du udalak, dagoeneko ez balego bezala. Ez dakit nire pertzepzio soila den, baina esango nuke dagoeneko lortu dugula urte osoan hiria turistaz betetzea eta "turismoa desestazionalizatzea". Agian hasi gaitezke Bilbo bilbotarrei eskaintzen dagoeneko.

Nik Bilbotik gutxi behar dut: garraio publiko puntual eta merkea, konektatutako bidegorriak, ordutegi zabaleko liburutegi publikoak, bilbotarrontzat bilbotarron gustuak kontuan hartuta egindako kultura edo kirol proposamenak eta bi eurotik beherako zuritoak, nahiz eta azkena ez egon zuzenean udalaren eskutan.

Tira, kontsolatzea besterik ez zait geratzen, badirudielako Jeff Bezos oraindik ere pozarren dagoela bere emaztearekin eta ez delako Veneziako ezkontzaren parekorik espero etorkizun hurbilean. Dibortziorik eta beste elkartzerik gertatuko balitz, Indiako familia aberats horien estiloko ezkontza baino ez eskaini, mesedez, Juan Mari. Haiek behintzat ez zuten trafikoa moztu.