Bilbon zurito merkeak nahi ditugu

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2025ko urr. 30a, 18:21

Hainbeste estetikarekin Bilboko tabernak beren jatorrizko funtzioa galtzen ari dira.

Ukrainiako gerrak zerealen prezioa bikoiztu edo laukoiztu du, badakit. Dena garestitu da. Denbora aurrera doa, ekonomia "osasuntsu" batek beti izan behar du inflazio puntu bat eta kontsumo prezioak igotzen dira. Ados.

Kontua da gero eta taberna-taberna gutxiago geratzen direla. Hau da, zerbait hartzeko leku bat. Zenbat taberna dago orain Bilbon Abu Dhabiko diskoteka bateko erreserbatu bat diruditenak? Non dago kaña 3 euroan baino gutxiagoan? Non egiten da orain poteoa?

Egia da terrazeoa gailendu zaiola poteoari, arratsalde osoak igarotzen ditugula leku berean. Terraza batean edo lounge bateko sofa batean. (Lounge bat, influencerren legez!) Agian gimnasioan gehiegi nekatu eta lagunekin geratzen zutik egoteko indarrik ez dugulako. Gimnasioa. 

Agian hori da gertatzen zaiguna, gure etorkizuneko gorputz eder eta lirainak Saint Tropezen imaginatzen ditugula. Fake it till you make it diote. Dena da aspirazionala orain. Izan zaitez izatea gustatuko litzaizukeena. Hortik gimnasioa eta hortik loungeak. Hortik 3 euroko kañak, 2 euroko zuritoak eta taberna "aestheticoak".

Deitu nostalgiko, baina nire aspirazioak gehiago hurbiltzen zaizkie lagunekin aluminiozko mahai batean kalimotxo fresko bat edateari eta pipak jateari. Instagrameko istorio bat egin behar gabe, auzoko taberna batean, berandura arte asteko pasadizoak kontatzerik baino hoberik al dago? Nola konpontzen da mundua Bershkako musika ozenaren azpian sofa batean etzanda koktel bat edaten? Ah, mundua aldatzea gure aspirazio zeneko garai horiek... non geratu dira?

Brilli-brilli gabeko Bilbo bat behar dut etxera itzultzen naizenean. Etxera, hurbilekoengana. Hurbiltasuna.