2025eko Uriolako ekarpenak nolako Bilbo behar genuen aldarrikatzeko aitzakiaz antolatu nituen. Imajina nezakeen gaurko izenburudun sarrera bat idatz nezakeela, ez ordea artikulua BLB kooperatibaren ibilbide amaierari eskainiko niola. Uriola eta Prest! zenbat jendek irakurtzen duelako ideia badut eta ez dira gutxi. Haiei 2018ra arte Berton irakurtzen zituztenak gehitzen badizkiegu, bagara koadrila polita.
Hala ere, ez dirudi, Eusko Jaurlaritzarentzat nahikoa garenik. Historikoki, euskarazko komunikabideei laguntza gutxi eman zaie. Kexu izan dira EITBn ere inoiz! Berria kexu izan da, El Correo Español del Pueblo Vasco kexu izan da, hark ere euskarazko edukia sortzeagatik jasotzen zuen laguntza urtetik urtera murriztuta ikusten zuenean. Komunikabide handiek tarta gero eta txikiagoa zelako kexu ziren, tokiko komunikabideak kexu ziren gero eta apur gutxiago uzten zietelako edo festara gonbidatu ere ez zituztelako egiten.
Ez diot komunikabideek nahitanahiez laguntza publikoak jaso behar dituztenik, inondik inora, komunikabideen independentzia auzitan jartzeko aitzakia bat bera ere ez baitiot inori eman nahi. Beste kontu bat da Eusko Jaurlaritzak euskararekiko eta euskal kulturarekiko duen konpromisoa. Hori etengabe jar dezakegu lupapean. Euskara eta euskal kultura bai, baina ingelesezko azpitituluz lagundua, kanpoan saltzeko. Barne kontsumorako... zer barne kontsumo? Nork kontsumitzen du euskara eta euskal kultura fundamentuzko euskaldunen artean? Lau folklorikok akaso?
Tira, ez dut nire Uriolako lana suminez ezta saminez ere amaituko. BLBri eta Berbaizuri eskerrak eman nahi dizkiet Prest! zein Uriolan idazteko aukera eman izanagatik. Eta, lagun batek gogoratu berri didan bezala, Pantojaren kontzertura joateko aukera eman izanagatik ere. Bilbori asko eman diozue eta niri are gehiago.
Hau ez da despedida bat, lekualdatze xume bat baizik. Hemendik aurrera, Zuzeun irakurri ahal izango nauzue, batetik ezin naizelako isilik egon (ezagutzen nauzuenok badakizue) eta bestetik euskararen presentzia birtuala bermatzeko konpromiso modukoa badudalako. Libreagoan arituko naiz hemendik aurrera, eta agian munduari aitortuko diot nahiz eta deustuarra izan eta Bilboz idatzi Uriolan, duela ia 12 urte etorri nintzela Donostiara bizitzera. Barkatu horrela izan baduzue horren berri.
Amaitzeko, Uriola itxi behar zutela jakin nuenetik buruan bueltaka izan dudan irudi bat ekarri nahi dut gogora: Aste Nagusiko sardinadak. Uriola ke artean hasi zen, jai giroan eta lagun artean. Sardina usaina eta BLB babesteko borondatea ez zaizkigu inoiz joan. Eta Uriola ez da ke artean galduko.