Sari honen funtsa komertzio arloan euskararen erabilera bultzatzea da, eta horrela, bezero gisa euskaraz hitz egiteko aukera ez ezik, euskararekiko jarrera baikorra eta beraien komertzioan, bezeroak euskaraz lasai egin dezan, euskararen aldeko giroa sortzen saiatzen diren dendak saritzen dira Errekaurti Sariarekin. Izan ere, Deustualdean ez da erraz jakiten mostradorearen bestaldeko langilea euskalduna den edo ez, edo euskaraz ulertuko dizun edo ez, eta horregatik adibidez “Hemen Berbaizu” pegatina zabaltzen dugu denda, taberna eta bestelako komertzioetan (gutxi-gora behera 30 bat eranskin daude zabalduta beste horrenbeste dendetan).
Salan Farmazian beti izan dituzte ateak irekita bai euskararen aldeko ekimenak bultzatzeko, bai bezero euskaldunari lasaitasunez euskaraz egin dezakeela jakinarazteko. Horrexegatik, merezimendu osoz saritzen ditu aurten Berbaizuk. Adibide ederra direlako Deustualdeko eta Bilboaldeko komertzio osoan euskararen erabilera bultzatzerako orduan.
Orain dela 53 urte ireki zuen Mari Cruz Salanen amak farmazia, eta berak orain dela 33 urte hartu zion lekukoa lanean. Berarekin batera orain Mari Carmen Iraola eta Estibaliz Fernandez aritzen dira Lehendakari Agirreko 30. zenbakian aurkitu dezakegun Salan Farmazian.
Errekaurti Sariaren V. edizioa den honetan, Loitz artisautzak Adolfo Guiard Larrauriren “La niña del Clavel”, “La aldeanita del Clavel Rojo” edo “Suburbio” izeneko koadroan oinarrituta egin du keramikazko irudi ederra. Koadroan bertan agertzen den neskatoa gaur egun Kanalak hartzen dituen eremuan zegoen Errekaurti baserriko alaba zen, eta hortik sari honetarako irudi hori hartu izana. Eskerrik asko eta zorionak ere Loitz Artisautzari hain lan polita egiteagatik.
Zorionak Salan Farmaziari eta urte askotarako!!!