Astebete lehenago, Harkaitz Canorekin urteurrena ospatzeari hasiera eman genion Irakurleen Txokoan, udaberrira arte luzatuko dena. Azaroan urteurrenari segida emango diogu Iparralde zikloa antolatuz, hiru saio izango dituena, eta bertoko hainbat ertz jorratuko dituzte Deustualdera hurreratuko diren gonbidatuek. Eneko Bidegain izango da etortzen lehena eta Gerla Handiak Iparraldean izan zuen eraginaz berba izango du azaroaren 11an Mullerenean, 1918an Aliatuek eta Alemaniak armistizioa sinatu zuten egunean, hain zuzen. Bere berbetan frantses izatearen sentimendua orduan errotu zen Lapurdin, Nafarroa-Beherean eta Zuberoan.
Udaberrian Ipar Euskal Herriak bere lehen egitura propioa izatea bozkatu zuen, Herriarteko Lankidetzarako Erakunde Publikoa (HELEP) izena duena, eta horren ezaugarriak zehaztuko ditu Antton Curutcharryk, Baigorriko hautetsia, azaroaren 18an Mullerenean, “Iparraldeko dinamika berriak” izeneko mahai-inguruan. Berarekin batera, Ihintza Ostolazak Etxepare Lizeoak ekipamendu berria erosteko abian jarri duen kanpaina azalduko du. Era berean, Baigorriko Etxauzia gaztelua “Nafartarren etxea bilka dadin eta kultur proiektu zabal bat eramateko” berreskuratu nahi duen Etxauzia elkarteko eta Euskal Herria Zuzenean kultur elkarteko kideak euren proiektuak aurkeztuko dituzte mahai berean.
Zikloa bukatzeko, abenduaren 3an “Iparralde gaualdia” antolatuko dugu ZAWPen. Begiz Begi post-rock-talde lapurtarrak joko du eta atera berri duten Hatsa (Baga biga, 2016) disko berria aurkeztuko du 2015eko Banden Lehia irabazi zuen taldeak. Musikarekin batera, Larresoroko Arrobio eta Hazaparneko Etxeko Bob’s Beer garagarno artisauak ekarriko ditugu Deustualdera, Bidasoaren bestaldera ekoizten diren zaporeak dastatzeko. Sarritan, badirudi Iparraldea urrun egoten dela eta ziklo honen bidez distantziak murriztu eta bertoko errealitatea auzora ekarri nahi dugu.
Bezperan, Physis Versus Nomos bakarlari donostiarrak Saudade é fatal (Haize Bazterrak 2016) aurkeztuko du Mullerenean, Pelaxek eta Mikel Kartonek jo ostean. Hilaren bigarren astean, Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek feminismoa eta euskalgintza uztartzen dituen berbaldia emango dute Deustualdean. Pare talde feministarekin batera antolatuko dugu. Urtea behar moduan bukatzeko, Berbaizuk Gabonetako afaria egingo du abenduaren 16an. Berbaizukide guztiak gonbidatuta zaudete.
Urteurrena hasi da daborduko
Arestian esan bezala, urriaren 5ean Berbaizuk bere 25. urteurrena ospatzeari ekin zion. Harkaitz Cano propio gonbidatu genuen Irakurleen Txokora Beti oporretan (Susa, 2015) liburuaren gainean berba egiteko. Liburuan 14 ipuin ezberdin batzen ditu Canok, oporraldi ezberdinetan eta toki ezberdinetan gertatzen direnak, baina hari eroale dutenak: oporrak ez dira geure paradisuaren frankizia. 20 lagun bildu ginen literaturaren gainean berba egiteko eta berbaldia atsegina izan genuen Bidarten. Liburuak ertz asko dituela aipatu genuen bertaratu ginen lagunok, esaterako, ipuin ugarik emakume protagonista dutela azpimarratu zuen Irakurleen Txokoko irakurle batek.