Iparralde zikloak hiru saio izango ditu, eta horietan hainbat ertz jorratuko dituzte Deustualdera hurreratuko diren gonbidatuek. Eneko Bidegain izango da etortzen lehena eta Gerla Handiak Iparraldean izan zuen eraginaz berba izango du azaroaren 11an Mullerenean, 1918an Aliatuek eta Alemaniak armistizioa sinatu zuten egunean, hain zuzen. Bere berbetan frantses izatearen sentimendua orduan errotu zen Lapurdin, Nafarroa-Beherean eta Zuberoan.
Udaberrian Ipar Euskal Herriak bere lehen egitura propioa izatea bozkatu zuen, Herriarteko Lankidetzarako Erakunde Publikoa (HELEP) izena duena, eta horren ezaugarriak zehaztuko ditu Antton Curutcharryk, Baigorriko hautetsia, azaroaren 18an Mullerenean, 'Iparraldeko dinamika berriak' izeneko mahai-inguruan. Berarekin batera, Ihintza Ostolazak Etxepare Lizeoak ekipamendu berria erosteko abian jarri duen kanpaina azalduko du. Era berean, Baigorriko Etxauzia gaztelua “Nafartarren etxea bilka dadin eta kultur proiektu zabal bat eramateko” berreskuratu nahi duen Etxauzia elkarteko eta Euskal Herria Zuzenean kultur elkarteko kideak euren proiektuak aurkeztuko dituzte mahai berean.
Zikloa bukatzeko, abenduaren 3an 'Iparralde gaualdia' antolatuko dugu ZAWPen. Begiz Begi post-rock-talde lapurtarrak joko du eta atera berri duten Hatsa (Baga biga, 2016) disko berria aurkeztuko du 2015eko Banden Lehia irabazi zuen taldeak. Telonero jardungo du Pako musikari baxenafarrak. Musikarekin batera, Larresoroko Arrobio eta Hazaparneko Etxeko Bob’s Beer garagarno artisauak ekarriko ditugu Deustualdera, Bidasoaren bestaldera ekoizten diren zaporeak dastatzeko. Sarritan, badirudi Iparraldea urrun egoten dela eta ziklo honen bidez distantziak murriztu eta bertako errealitatea auzora ekarri nahi dugu.
Iparralde gaualdian parte hartzen duten lagunei Berbaizuko kideek Ipar Euskal Herriari buruzko galdetegi bana banatuko diete. Erantzuten duten guztien artean Aldudeko Menta ostatuan asteburu-pasa egiteko oparia zozketatuko dute.
Bezperan, Physis Versus Nomos bakarlari donostiarrak Saudade é fatal (Haize Bazterrak 2016) aurkeztuko du Mullerenean, Pelaxek eta Mikel Kartonek jo ostean. Abenduaren 16an, Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek 'Feminismoa eta euskalgintza bidaide' berbaldian parte hartuko dute Deustualdean, hain zuzen ere, Mullerenean 19:00etan. Pare talde feministarekin batera antolatuko dugu.