Aldaketetara egokitzea omen da bizirik irauteko oinarrizko legeetako bat. Urtarrilean, Berbaizu Euskara Elkartea konturatu zen oinarriak zaharkituta geratu zirela eta gogoeta prozesua abiatzeko garaia zela. Orduan, berbaizukideei elkartearen diagnosia eta galdetegi bat bidali zien eta, erantzunak jaso ondoren, Berbaizu 2020-2030 hamarkada berriari begira jardunaldia antolatu zuen pasa den irailaren 28an. Helburua argi zegoen: erantzunen gainean hausnartu eta erabakiak hartzea. Hori buruan hurreratu ziren 40 lagun Bidarte Udaltegira.
Saioak hiru zati izan zituen. Lehenengoan, elkarteak Berbaizuren “konstelazioa” osatzen duten sateliteak aurkeztu zituen, besteak beste, Txantxiku, Elorri Bertso-Eskola, Ikasleen Euskara Batzordeak edo irakurtzen ari zaren PREST! aldizkaria. Bigarrenez, bertaratutakoek elkartearen funtzioak izan zituzten hizpide: Deustualdean erreferentea izatea, dinamizatzaileak izatea, euskararen sustapena eta euskararen presentzia bermatzea. Eztabaida mamitsuak egon ziren eta, azkenean, lau lan-ildo gailendu ziren: komunikazioa indartzea, kontzientziazioa lantzea, aisialdia-kulturgintza sustatzea eta Deustura etorriak erakartzea.
Atsedenaldiaren ostean, hurbildu zirenek elkartearen gabeziak izan zuten berbagai: Deustuko beste taldeetan, gazteengan eta Deustualdeko beste auzoetan eragiteko modua, hain zuzen. Hainbat talde jarri ziren jomugan, besteak beste, gurasoak eta umeak, kirol taldeak edota gazteak, eta asmo bat nagusitu zen: elkarlana; Berbaizu besteei zabaltzea, konfort-gunetik atera eta bidelagun berriak erakartzea heldu den hamarkada berrian. Horra hor helburuetako bat.
Etorkizunean jarrita du gogoa Berbaizuk eta nora bideratu zehaztea izango da laster iragarriko den hitzorduaren helburua. Fokua piztuta dago, adi egon seinaleari!