Nerea Ibarzabalek hartu zuen hitza, Pedro Zuberogoitia Berbaizuko elkartekidearen aurkezpenaren ondotik, nobelaren nondik norakoak eta helburuak azaltzeko. Kontatu zuenez, bere buruari egindako galdera batetik abiatu zen lana: “Nola amaitu dezake pobre bizitza osoa lanean eman duen pertsona batek?”. Galdera honi tiraka, gertakariak taberna baten kokatzea erabaki zuen, identifikatu gabeko herri industrializatu bateko taberna baten barraren bi aldeetako gertakariek gizartearen dinamikei buruz asko adieraz dezaketelako. Ibarzabalek hitzekin eraikitako taberna, Bar Gloria (gertakarien bortizkeriarekin kontrapuntua eratzen duen izena), gizontasun hegemonikoaren esparru nabaria da, eta bertan gertatzen dira, isilpean, eredu horretan sartzen ez direnen aurkako eraso argi edo ez-hain-argiak.
Bar Gloriaren horma artetik abiatuta 80-90. hamarkadako errealitate ezberdinak erakusten dizkigu Ibarzabalek, bertako bi alaben eta hirugarren langilearen begietatik. Ahizpen arteko harremanak, ihes egiteko beharra, etorkizunari beldurra, laguntasuna, askatasun bilaketa, bortxa, eta bortxaren aurrean gizartearen erantzuna (edo erantzun eza), alkoholismoa, animaliaren esplotazioa gizonaren eskutik, gizarte tradizionalaren giltzak eta horien haustura, sexu-askatasuna, homosexualitatearen onarpena, eta, noski, lana, lana eta lana. Gai hauek agertzen dira liburuan zehar, baina beste batzuei buruz ere mintzatu ziren irakurle eta idazlea atzo arratsaldez.
Herriko eta, zehazki, idi-probetako munduaren bueltako pertsonaien sinesgarritasuna bermatzeko, Ibarzabalek galbidean dauden hizkuntza moldeak ikertu dituela kontatu zuen, memoria lana eginez eta elkarrizketa askoren bitartez; dokumentazio lana ez zen ahotsetara mugatu, janzkera, giro eta espazioak irudikatzeko argazki bilduma lodia eratu du, liburu bat idaztea liburu bat idaztea baino askozaz gehiago dela adieraziz.
Elkarrizketa literatur gaietara hurbilduz, testuaren estiloa eta hartutako erabakiak ere mintzagai izan ziren bertaratutakoen artean: denbora jauziak, esaterako, edo pertsonaia baten zein bestearen ezaugarri zehatza. Horrekin batera, beregan eragina izan duten idazleengatik galdetuta, Rafael Chirbes, Juan Rulfo, Andrea Abreu eta Uxue Alberdi izenak zerrendatu zituen besteren artean, eta, literaturaz harago, zinemagintzak ere bere idazkeran oihartzuna izan duela aipatu zuen.
Berbaizu Deustuko euskara elkarteak antolatzen duen irakurleen txokoaren baitan, atzo hainbat deustuarrek Nerea Ibarzabalen esperientzia eta gogoetez ikasi eta gozatzeko parada izan zuten. Kanpoan euria gupidagabe ari zuen, jendea erosketetan, tabernan, paseoan edo kirolean egongo zen bitartean, Deustuko liburudendaren barruan literaturaz eta, bide batez, bizitzari buruz mintzo zen deustuar taldetxo bat.