Deustun Idoia Tapiaren antzezlanarekin eman nahi izan genion hasiera gure arratsalde pasari, Alter Nation konferentzia performatiboarekin. Tapiaren Gradu Amaierako Lana da izatez, eta identitatearen nahasmendu disoziatiboa zenbait ahots artifizial ezberdinekin jorratzen du. Umorea tarteko, baldintza horren ideia orokorra plazaratzen du Idoiak, bere baitan pertsonaia ezberdinak gorpuzten diren bitartean. Eta, ez al da ba hizkuntza norbanako bakoitzaren izaeraren parte? Ez al da ba euskara, hein batean gutxienez, euskaldun egiten gaituena?
Idoiaren ikuskizuna eta berarekin egindako solasalditxoaren ondoren Bizinahiko sarrerara jaitsi eta egitarauarekin jarraitu genuen, umeen txanda baitzen hurrengoa. Margolari lanetan ibili ziren bertako txikienak haientzat espresuki prestatuta geneukan mural margoketan, eta ez zikintzeko eskularruak eman izanagatik ere, batek baino gehiagok bukatu zuen horma bera baino margotuago, hori bai, euskaraz koloreztatutako irribarre eder batekin ahoan. Aitortu beharra dugu hain ume ez garen batzuk ere haiekin batera jarri eta zikintzeko aitzakia eman geniela.
Murala margotu bitartean sabela betetzeko eskaintza ere bazegoen Erriberan, herriko kuadrilla jator bati esker parrillada handi batez gozatu ahal izan genuen eta, askoz hobeto gainera eztarria bustitzeko zegoen txosna inprobisatuarekin. Izan ere, trikitilariek unea girotzen hasi aurretik bazegoen jada askaria jaten hasitakoren bat. Sukaldari, ume margolari, musikari eta bertaratu ziren guztiekin batera eguna oroitzeko argazki erraldoia ere atera ahal izan genuen, Deustuan euskararen alde egunerokotasuna eraldatzeko prest jende ugari dagoenaren seinale.
Hori izan baitzen ekitaldiaren aitzakia, herriko ahobizi eta belarriprest guztiei deialdia egitea, euren euskararen aldeko jarrera aktibo dagoela erakusteko, eta Deustun euskaraz bizi nahi dugula adierazteko. Hurbildu zen orori eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen, batez ere, egun horren antolaketan laguntza eskaini ziguten horiei eta Bizinahiko kide guztiei haien espazioa erabiltzen uzteagatik. Ekin euskarari!