Emakumeak eta... FLT.

Erabiltzailearen aurpegia Berta Alcalde Arrizabalaga 2017ko mar. 1a, 08:30
Argazkian Maika Makovsky (Arg. Youtube - Maika Makovski)

Egunak igaro dira aurtengo ARFko (ez adituentzat azalpena: Azkena Rock Festivaleko) kartela itxi zenetik. Eta zelako ixteko modua, aizu! Rockaren mundu haustuan polemika piztea zaila bada ere, bada sortzeko moduko konturik.

Azkena Rock Festival hitzak entzunda, askori burura etorriko zaizkigu bi gauza: Gasteizko 'Tortillaren muino' kutrea eta rocker zaharrak (jaialdiko ikusleen adin-maila 40/50 urte ingurukoa baita); izan ere, hainbat festibaletan egon den edonork badaki ARF lasai ibiltzeko lekua dela. Hemen ez dugu jantzi estranbotikorik ikusiko (BBK Liven bezala) edo Thorren seme-alabak diruditen vikingorik eta valkiriarik aurkituko (Wacken Open Air festibal alemanean bezala). Bestetik, mosh pit-ak, wall of death-ak eta circle pit izenekoak ere ez dira batzuek nahi beste ikusten ere... Tuperen bat, aldiz, ikus daiteke, batzuetan cowboy botadunen bat edo beste ere, baina oro har, herriko alde zaharrean egotea bezalako zerbait izaten da (#festivaldeandarporcasa). 

Hala eta guztiz ere, begira gauzak nolakoak diren, ARFko antolatzaileek (hots, Last Tour International izeneko enpresak) hanka sartu dute. Gaur egungo sentsibilitate oro uztartzeko gogoa eta parekidetasunaren alde egitekoa ez dituzte kontuan hartu, eta emakume-partaideak dituen talde bakarra izango dugu aurtengo ekaineko ekitaldian. Badakit, esageratzen ari naizela pentsa dezakezue, baina musika globalizatu, zabaldu eta leku guztietara heldu den une honetan, ez nik, ez beste ARFko zale askok ez dugu kartel horren zergatirik ulertu. 

Horren harira, jakina, hainbat kritika sortu dira azken boladan. Hasieran, Facebookeko mezu bat zabaldu zen, eta festibalera urtero joaten garen askok "atsegin dut" eman eta zabaldu genuen. Gerora, Gasteizko Udalak berak egin zuen eskaria datozen urteetako edizioetan gauza bera gerta ez dadin (ez ahaztu ARF diru publikoz lagundutako ekitaldia dela) eta hainbat blog eta interneteko webgune espezializatu zein mainstreametan ere kritika zorrotzak egin dira (hauxe horietako bat). 

Nire iritzirik ez dut emango; izan ere, uste dut emakumea eta musikazalea izanik, argi egongo dela emakumeek nahiz gizonek egindako musikaz gozatzeko gogoa dudala (hori bai, aurrean aukera BIAK ditudanean). Horrela, Desde El Abismo deituriko Hala Bedi Irrati libreko programa ekarriko dut hona. Aurreko egunean FLT (Fuck Last Tour) izenburupean programa ederra egin baitzuten, Last Tour International enpresari proposamenak egiteko gogoz: emakumeak falta direla? Ez dagoela Patty Smith edo PJ Harvey bezalako beste erreferenterik? Tori, tori, tori! Ordubetean, hainbat proposamen

Haiek bota dute lehenengo harria, eta nik ere, kritika egiteaz gain, nire zerrendatxoa egin nahi nuen, badaezpada, agian Last Tourreko inor gure komunitateko irakurlea (eta euskalduna) izango da eta... (ja, ja, ja...). 

 

OHARRA

Hemen aipatutakoak ez dira beti ARF estiloarekin bat etorriko. Gainera, horietako batzuk ez dira proposamen errealistak izango. Hala ere, merezi du gure 'musika-zeruertza' (edo horizonte musical) zabaltzea. Horrez gain, artistak eta abestiak aurkeztu ditut (nire top 10a, ordenik gabe), agian izen gutxiago dutenak. Lana del Rey eta London Grammar ezagutzen ditut ere, baina horiek kanpo utzi nahi izan ditut, nahita:

 

1.- Maika Makovsky: Frozen Landscapes

2.- Emma Ruth Rundle: Marked for death (hau Desde el Abismokoei kopiatu diet... onartzen dut).

3.- The Dead Weather: I feel love (Jack White jaunaren inbentoetako bat... eta zelakoa, oiga!)

4.- Gaby Moreno: Se apagó (jarri dudan eta abeslaririk ezagunenetarikoa... baina funtziona, ezta?)

5.- Las Odio: Yo lo vi primero (XXI. mendeko Las Vulpes modukoak)

6.- Nikki Hill: And I wonder (klasiko bat, bale)

7.- Bonnie Raitt: Shakin' shakin' shakes (old rockers never die... edo nola izan rockabiliaren amona, Lucinda Williamsez gain)

8.- Heartless Bastards: Only for you (YouTubek behin eta berriro proposatzen zidan abestia entzuteko... eta azkenean gehiegi gustatu zait).

9.- Tulsa: Te ofrecí (ez dut diskoko bertsiorik aurkitu. Hau apur bat kk da, bilatu, merezi du eta).

10.- Sarah Jaffe: Clementine (YouTuberen beste proposamen bat. Aurrekoa baino eguneratuagoa. Hala ere, oso beautifula, oyes!

 

OHARRA 2

Beste proposamenik, inork? Jakina, badakit talde euskaldunak ere badirela: Napoka Iria edo Izaro, esaterako, baina 'musika-zeruertza' zabaltzeak beste leku batzuetara bidaiatzea ere badakar.