Abendukoak

Durangoko azoka

Bi topiko tipiko ekarriko ditugu gogora: Durangoko Azoka eta urteko neure abestien zerrenda. Zerbaitek funtzionatzen badu, zertarako aldatu?

Ezagutzen nauen edonork dakizki orain aipatuko ditudan nire bi ezaugarriok:

1) Ez dut munduko memoriarik onena (inondik inora ere ez). Horrek badu bere abantaila, ez pentsa! Gauzak behin baino gehiagotan ahal dizkidazu kontatu, sorpresa beti izango da handia!

2) Konstantzia ez da neure ezaugarririk azpimarragarriena. Agian benetan nahi dudan zerbait lortu behar baldin badut, bai; baina bestela...

Ezaugarri horiei biei zoratzeko moduko oporretatikako itzulera gehituz gero, hortxe! Lau hilabete etxe honetan ezer argitaratu barik!

Tira, hain neurea den originaltasunari men egingo diot oraingoan ere, eta, nola ez, Durangoko Azokan erositako/ezagututakoak komentatuko ditut aurrena. Gero, urteari errepasoa egingo diot, beti bezala, 12 kantatan. Urteari amaiera emateko egokia dela iruditzen zait, 2017ko abestien urtekaria, 2017ko hilabete bakoitzari dagozkion koloreak erakutsiko ditut horrela. Burua ez dut apurtuko, baino Bertspotify moduko hau egiteak agian norbaiti balioko dio, oraindik ezagutzen ez duen kanta edo talde kuttunen bat ezagutzeko.

HAS GAITEZEN.

Durangoko Azoka (uf! #Perezongamaxima)... noiz okurrituko zitzaidan lehenengo egunean joan behar nuela hara... Ba bai, lehenengo egunean. Han ziren betiko ezagunak: umeak, kola amaigabea egiten Totiren azken liburua (Nur liburu-bildumak urrezko egingo ez ote du...) sinatzeko zain, Gatibu, euren 10000. diskoa aurkezten, Su Ta Gar estimatuak eta euren stand hilezkorra (inoiz ez dira zitara falta, aizu!), ekoizle independenteen txokoa eta betiko handi nahiz txikiak (Susa: aipatzekotan, Alfonsina Storniren poemak euskaratu dituztela esango nuke, baina egin duten edizioa ez da elebiduna, eta ez zait erostea interesatu; Elkar: hurbildu ere ez naiz egin, berriro ere #Perezongamaxima hainbeste jenderen artean; Pamiela: Sarriren hogeita bostgarren berrargitalpena zuten...).

Hala ere, aipatutako guztien artean, egon da tristetu nauen zerbait. Neure hipsterismoaren gauza den edo ez, ez dakit ziur esaten, baina Pop Pilulak fanzinearen ale ia guztiak ditut (ez dira asko, zortzi bat baino ez, uste dut) eta onartu behar dut neure nagikeriagatik ez balitz, zerbait bidaltzeko gogotsu ibili naizela, neure izena lehen orrialdean ikusteko baino ez bada ere. Bueno, ba ezin izango dut halakorik lortu: Pop Pilulak desagertu egin da. Azokara eraman dituzten ale gutxiak (eta, bide batez, fin-finak) izan dira behin eta betiko argitara emango diren azkenak. Bihotza uzkurturik joan nintzen bada azken zenbakia erostera, baina urtarrilaren 12ko jaialdira Bilbora norbaitek nirekin etorri nahi badu, gustura hurbilduko nintzateke...

Horrez gain, hauexek Durangok eman dituen bestelako erosketa hipsterrak:

- Entzun! urtekariaren 2017/18 zenbakia: ez dakit zergatik, baina azken bi urteetan erosketa honekin bete dut euskal musikaren panoramak ematen didan perezatxoa... (zer egingo diogu, txotxifesteoa ez dut atsegin, eta euskal musika intimista gutxi dago, asina, neure moko finekoa).

- M I C E -ren diskoa: hauxe bakarrik erosi nuen, azken unean, gainera. Miren aspaldi ezagutu nuen, kasualitatez, eta geroztik hona pare batean baino ez dut berarekin topo egin, bere kontzerturen batean izan ez bada. Hala ere, Napoka Irian (aurreko proiektuan) eta Joseba B. Lenoir-ekin egindako lana ezagututa, banekien bere rollitoa gustatuko zitzaidala. Halaxe izan da, zuri-beltzean egindako diskoa, erretzeko eta etxean geratzeko modukoa, kanpotik barrurantz sartzen den zerbait, sexy-a (eargasm berbak definitzen du batzuetan) eta Bilbon euripean entzuteko zerbait.

- Willis Drummond-en EP berria: bai, bi abesti ziren bakarrik, baina etxeko tokadiskosari kaña apur bat eman behar diot, eta binilo formatuan dagoen edozer erosteko prest nago, kalitatezkoa bada, are gehiago. Gainera, taldekide ia guztiak harrapatu genituen standean, eta Gasteiza datorren urtarrilean itzuliko direla txibatu zidaten (urtarrilak 5, Jimmy Jazz). Bi abesti ziren bakarrik, eta ordaindutakoa, 5€; dena den, abesti/diru ratioari dagokionez, ez da IZARO edo Peiremansen preziora heltzen (batzuek badakite zer esan nahi dudan). IZAROren azken diskoa erosteko ere egon nintzen, baina ez ninduen abesti-sortak gehiegi konbentzitu... (ta ume gehiegi zegoen bere standean, ta ez zen EP bat, CD normala baizik, eta horrek pereza ematen dit, ez da behar bezain hipsterra, tal cual).

- Alain Agirre lagunaren Txoriak etortzen ez diren lekura: Sarriren ezer erosi ez dudan urte honetan, banuen bere tokia betetzeko aukera hau ere, eta egilea ezagututa, muxu bat ematera hurbildu nintzen Erein argitaletxearen standera. Ez nekien Alaine han zenik, baina poema-sorta polita eta dedikatoria ezinhobea ekarri dut idatzita etxera.

BESTETIK, hauexek dira aurtengo abestien zerrendatik aukeratu ditudanak. Ez badakizue zeri buruz ari naizen, jo 2016ko abenduan idatzi nuen artikulura. Hantxe duzue azpiko zerrendari dagokion azalpena.

- Urtarrila: Athabasca (Willis Drummond)

- Otsaila: Heaven (Emma Ruth Rundle)

- Martxoa: Bajo la luz de la luna (Los Rebeldes)

- Apirila: And I know she did (Reno Bo)

- Maiatza: Made to be me (Highlights) -> ojocuidao, hauek bizkaitarrak dira, ta kristonak! Gasteizko gaztetxean ia bakarrik egon ginen kontzertuan, hiruzpalau euroren truke, ta merezi dute!

- Ekaina: Gold (The Shelters)

- Uztaila: Era borealis (Mantar)

- Abuztua: Flying whales (Gojira)

- Iraila: Hippie girl lover (Holy Bouncer)

- Urria: Pretty blue eyes (KADAVAR)

- Azaroa: Nebulosa jade (Rufus T. Firefly)

- Abendua: Zertarako iraun (M I C E)

 

Oraingoan baino ez bada ere, fanzine maitearen hitzekin agur esango dut gaurkoan: POP ON! (eta urte berri on!)